Honen harira Berria-n hainbat eragilek egindako adierazpenak irakurtzeko aukera izan dut, eta kezkatzen nauten gai batzuk aipatu nahi ditut.
Euskara eta Euskal Herria ditu zutabe euskal hezkuntzak. Horiek gabe izan liteke eredu ona, baina ez gurea. Hiru administrazioren artean zatituta egonda ere, Europako Batasuneko markoak aukera batzuk dakartza alor honetan.
Hezkuntzaren helburua jendartea eta natura errespetatuz komunitatearen barnean ikaslearen gaitasunak garatzea da. Gauza nekeza estatu menperatzaileek euren lege uniformizatzaileak ezarrita izanda.
Ikasleek jatorri eta egoera desberdinak dituzte: egoera sozioekonomikoa, hizkuntza, generoa, kultura eta abar. Ikastetxe-komunitateari dagokio desberdintasun hauek sortutako zailtasunak gainditzeko laguntzak jartzea, hurrengo belaunaldiak bereizketarik gabeko euskal jendarte anitza osatu dezan. Honetarako, beste hizkuntza batekoak direnei harrera-plan propioa egin eta ikasle guztien harrera hizkuntza bilakatu behar da euskara.