6 urterekin eskolara lehen aldiz heldu nintzenean ume guztiak euskaldun elebakarrak ginen. Halere, zigorren bidez espainieraz hitz egitera behartzen gintuzten bertan. Zigorretik libratzeko, euskaraz ari zen beste bati pasa behar zitzaion zigor medailoia. Horrek gure arteko elkartasuna apurtu eta barneko ezinegona eta korapiloa sortzen zuen.
Urte asko pasa ziren gazte mugimendu batean korapilo hori askatzen hasi arte. Begiak irekitzean ohartu nintzen eskolako lagunak ez zirela beste gabe elkar zelatatzen edo burla egiten zutenak, baizik eta sistemak horretara bultzatzen zituela. Mota guztietako instituzio politiko-juridiko, ekonomiko eta kulturalek moldatzen dute sistema.
Asko lasaitu nintzen euskalduna nintzela ohartzean, eta euskal komunitatearen kide kontzientea bihurtu nintzen; jadanik ez nintzen Espainiako gizartearen bigarren mailako eranskin bat. Geroztik saiatu naiz eragotzitako hizkuntza, kultura eta historia ezagutzen, praktikatzen eta zabaltzen, beste batzuekin batera antolatuta.
Jende guztiak ez du izan egoera honetaz jabetzeko aukerarik, besteak beste 1936ko gerrako irabazleek ezarritako sistemak espainiartasuna inposatzen jarraitzen duelako. Gertaera historikoak eta eguneroko politikaren arrazoiak ezkutatzen dituzte eta gaur egun euskaldunak gutxiengoa garela esatera ausartzen dira, gainera.
Azken 60 urteetan aipatzeko moduko hainbat aurrerapen egin dira gizarte mugimenduei esker, baina benetan euskaraz bizi ahal izateko politika publikoak, borondatea eta baliabideak eskasak dira.
Ez al da euskaraz bizi ahal izateko politika burutzeko garaia?