Hasteko, garapena eta hazkundea bereizten ditu. Komunikabideetan behin eta berriro agertzen da hazkunde ekonomikoa ongizate mailaren adierazle bezala, baina ez da hala.
Honen erakusgarri argia da ekonomiaren egoera edo hazkundeak krisi aurreko mailak gainditu dituen arren, lan baldintzek ordukoak baino txarragoak izaten jarraitzen dutela. Benetako garapena izateko, emaitza ekonomiko horiek gizartearen onurarako banatu beharko lirateke, honen eragin positiboa ahalik eta jende gehienaren artean banatuz.
Bestalde, hizkuntza ikuspegia ongizatearekin lotzen du. Lehen eta bigarren hezkuntza euskaraz egindako ikasleen %38 omen ziren 2017-2018 ikasturtean Lanbide Heziketa euskaraz egin zutenak, aurreko ikasturtean baino gutxiago. Honetan zeresan handia omen dute ondoren lana espainieraz egin beharko dutela jakiteak eta LHn dagoen eskaintza murritzak. Konpetentzia profesionalen garapena euskaraz egiteko aukera edukitzea beharrezkoa da garapen jasangarri bat lortzeko.
Orain arte euskara lan munduan txertatzeko emandako pausoak enpresen borondatearen araberakoak izan dira, hauen euskara planek dirulaguntzaren batzuk jaso dituzten arren. EKAI Journal-ek euskararen aldeko kontsentsu zabala aprobetxatuz elkarbizitza orekatu bat lortzeko helburuarekin neurri berriak aztertzea proposatzen du.
Ondorioz, ildo hauek jarraituz ezberdintasuna gutxitu eta elkarbizitza indartzeko eredu baten aldeko aukera eta gaitasuna ikusten du EKAI Journal-ek, batez ere Gipuzkoan. Honen barnean gizarte garapenerako lagungarria litzateke hizkuntza nagusien arteko dinamika eta harremana bideratzea, euskararen eta espainieraren artekoa, bereziki, erdaren aldeko desoreka neutralizatzeko neurriak hartuz.