Batzuetan, norbaitekin erdaraz hitz egiten hasi eta euskalduna dela konturatzen gara, baina zenbatetan gertatzen da alderantzizkoa?
Euskaraz zuzendu eta erdaldun elebakarra izatea tabernaria, dendaria, ertzaina, medikua… Lan munduko harremanetan edota zerbitzuetan ere gauza berbera gertatu ohi da, film bat ikusterakoan, antzerkian, musika emanaldietan...
Beste egoera mingarri batzuk ere ikusten dira: Urkullu lehendakaria gazteleraz mintzatu zen iaz Quebecen egindako ekitaldi publikoetan. Nor ordezkatzen du lehendakariak? Zein herri edo kultura?
Izan Arrasaten, Bilbon, Baionan edo Iruñean, euskaraz bizitzeko aukera izan nahi dugu, Parisen frantsesez eta Madrilen espainolez bizitzeko duten moduan.
Zer da beharrezko euskaraz bizi ahal izateko? Bi gauza: alde batetik, norberak euskaraz bizitzeko erabakia; eta, bestetik, baldintza sozial egokiak inguruan.
Baldintza sozial horiek euskaraz funtzionatzen duten lan munduak, komunikabideek, ingurune digitalak, aisialdi jarduerek... osatzen dituzte. Hauek gauzatzeko, beharrezkoak dira gizarte ekimen antolatua eta bultzada instituzionala. Babes sozial iraunkorra eta bultzada politikoaren bitartez ez dakitenek ikasi eta erabilera handiagotzeko neurriak hartu behar dira, presio jasangarri eta eragingarria sortuz.
Erakunde guztiei dagokie euskaraz funtzionatzeko baldintzak jartzea; erakunde publikoen kasuan, gainera, hauek bideratzeko baliabideak jarriz.
Orduan izango da norberarena hizkuntza ohiturak aldatu eta euskaraz mintzatzeko erabakia, orduan bakarrik. Azken pauso horretan lagunduko du Euskaraldiak.