Navarrorum garrasia

Hainbatek diote Nafarroako Erriberan euskaraz ez omen dela sekula hitz egin, baina nola liteke, orduan, 1400. urte inguruan Murillo el Frutoko laborariek euren soro, baratze, zelai eta iturriak euskaraz izendatu izana?

Iruñean ikusgai dagoen Navarrorum erakusketak Nafarroako Erresumako herritarren ahozko hizkuntza nagusia euskara zela frogatzen du, honen hainbat adibide erakutsiz: Uxueko Aldare harrian, Lergako hilarrian edota Leireko monasterioko dohaintzetan euskal izenak agertzen dira, Donemiliagako monasterioan (San Millan de la Cogolla) eta Nafarroako foru orokorrean euskal esaldiak, erromes frantziar batek hiztegitxo bat egin zuen, alemaniar batek bestea...

Historian zehar agintariek ez dute onartu euskara hizkuntza idatzian erabiltzerik, debekatu eta zigortu baizik.

1766. urtean Arandako Kondeak –Espainiako Karlos III.aren gobernuburua– euskarazko liburuak inprimatzea debekatu zuen.

1857ko Moyano legeak hezkuntza gaztelaniaz izatera derrigortu zuen.

Francok euskara hitz egitea ere debekatu zuen eta gaur egun oraindik nafar askok ez dute euskaraz hezi eta bizitzeko aukerarik.

Bilakaera honi buruz Koldo Mitxelenak hau zioen: "Egiazko misterioa euskararen iraupena da, ez jatorria".

Euskarak ez zukeen iraungo euskaldunen atxikimendu irmorik gabe.

Froga hauek argi uzten dute euskaldunei justizia zor zaiela, orain arte zabaldutako gezurrak zuzendu eta euren hizkuntza bortxaz utzarazi izan zaiela aitortzea merezi dutela.

Euskaraz bizi ahal izateko baldintzak berreskuratu eta benetako elkarbizitzarako ez dakitenei ikasteko aukera ematea ere zor zaie euskaldunei, euskararen ulermena zabalduz inor ez behartzeko gaztelaniaz egitera.

Gaztelaniaren erabilera behartu dutenak erakundeak izan direlarik, bai publiko, bai pribatuak, ez al dagokie eurei alderantzizko bidea egitea eta jendartea berriro euskalduntzeko baldintzak sortzea?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak