Euskara lehentasun, inbertsioa jaitsiz?

Bizkaiko Foru Aldundiak 2017rako aurrekontu proiektua aurkeztu du, eta, pertsonal gastuen, amortizazioen eta interesen ondoren, 1.165,55 milioi euro aurreikusi ditu sailentzat.

Kantitate hori iazkoa baino %1,11 txikiagoa da eta sailen artean murrizketa handiena Euskara, Kultura eta Kirola Sailak izan du, %11,08koa: 48,7 milioi eurotik 43,3 milioi eurora, hain zuzen ere.

Unai Rementeria ahaldun nagusiak lehentasunei erantzuten diela adierazi du: “Jendea lehenengo, enplegua eta aktibitate ekonomikoa bigarren eta kalitatezko zerbitzu publikoak hirugarren”. 

Honetaz gain, Aldundiarentzat, euskaran inbertitzea ezinbestekotzat jo eta egitasmorik bertan behera ez dela utziko ere esan du.

Nola izan daiteke lehentasuna euskara, honetarako aurrekontua txikiagotuta?

Ez al da lehentasuna euskararen zapalkuntza eta ordezkapen sistematikoa izan dela onartu eta justizia egitea? 

Euskaldunon eskubideak errekonozitu eta euskaraz bizitzeko aukera izan dezagun bitartekoak jartzea? 

Nahiz eta herritar asko izan euskaldunak, ba al daude euskaraz lan egin, dibertitu edo bizitzeko aukerak?

Euskara arloan Bizkaiko Diputazioaren apustua gizarte gero eta elebidunagoa lortzea omen da, honetarako herritarren artean ezagutza eta erabilera bultzatuz. 

Nola lor daiteke halakorik baliabideak txikiagotuta? 

Nola lortuko du foru administrazioan euskararen erabilera, hau erakundearen lan hizkuntzatzat ezarri gabe?

Benetan euskara lehentasuna baldin bada, gai izango al dira helburu hauek betetzeko baliabideak jarri eta beste eragile eta herritarrekin elkarlanean aritzeko?

Eta lurralde bakarraren apustua nahikoa ahal da euskaraz bizitzeko aukera izateko? 

Zer gertatzen da beste lurraldeekin? 

Eta Jaurlaritzarekin?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak