Arlo askotako proposamenak azaldu ziren bertan, baina bizimodua ateratzeko lanei buruzkoak atentzioa eman zidan.
Nola banatzen dira ordaindutako eta ez ordaindutako lanak emakume eta gizonen artean? galderarekin kartel batzuk jarrita zeuden postu batean. Emakumeek eta gizonek egiten dituzten lan motak asmatzeko jolas batean parte har zitekeen. Ondoren, antolatzaileek azaltzen zuten grafiko baten Eustat-en estatistikek zer dioten: zainketa lanen %67,23 emakumeek egiten dituzte eta gizonek %32,77 –garbiketa, sukaldaritza, haurren eta menpekoen zaintza–; lan guztiak kontuan hartuta emakumeek %59,64 egiten dituzte eta gizonek %40,36 –zainketakoak eta soldatapekoak–.
Erakunde publikoek eta komunikabide gehienek, diotenez, berdintasunaren aldeko jarrera defenditzen dute. Badirudi zainketa lanak eta soldatapekoak denonak direla onartua dagoela jendartean, baina agerikoa da nolako aldea dagoen gizonen eta emakumeen artean. Diskriminazioa ez dago lan banaketan bakarrik, alde handiak daude soldatetan, promozio aukeretan, lan kontratuetan, aisialdi denboran, kreditu bat eskatzean... Adibidez, lan eskaera prozesuan gaitasun profesionala eta egoera pertsonala hartzen dute kontuan mutilen kasuan, baina neskak direnean, horretaz gain, familia egoera ere aztertzen dute.
Gaur egungo sistema ezberdintasunean oinarritua dago eta alferrik da eskubide-berdintasun aitortza, orain arteko pentsamolde eta jarduerak irauli gabe. Errealitateak hori adierazten du behin eta berriro.
Egoera aldatu eta benetako berdintasuna lortzeko beharrezkoa da erakunde guztiek hau praktikan jartzea eta herritarrok, emakumeok batik bat, gure kontura antolatu eta bultza egitea.