"Islandiako berririk ez"

Krisiari buruz geroz baino gero etorkizun beltzagoa azaltzen diguten...

... komunikabideek egunero aipatzen dizkigute Grezia, Portugal, Italia, Espainia… Ikusi al duzue Islandiako berririk?

Europako iparraldean dagoen 320.000 biztanleko herrialde honek krisi latza izan zuen 2008an banku sistemaren gehiegikeriak zirela eta. Ekonomia oparoenetakoa zuen herrialdeak itzelezko jaitsiera izan zuen, euren monetaren debaluazioa eta langabezia handia.

Herritarrak haserretu, antolatu eta mobilizatzen hasi ziren 2009an. Politikariak karguak uztera behartu zituzten. Hauteskundeak egin eta gobernu berriak Britainia Handiarekin eta Herbehereekin zuten zorra ordaintzeko lege proposamen hau egin zuen: Islandiako familiek 3.500 milioi euro ordaindu beharko zituzketen ondorengo 15 urteotan, %5,5eko interesean. Hori zion legea onartu edo ez erabakitzeko erreferenduma egitea lortu zuten 2009ko abenduan eta ezezkoa erabaki zuten. Ondoren, akordio hobea lortu zuen Gobernuak, %3ko interes tasa eta 37 urtetan ordaintzeko aukerarekin. Akordio hau onartzeko 2011ko apirilean egindako bigarren erreferendumean, atzera bota zuten berriro. Garbi adierazi dute ez daudela prest bankuen gehiegikeriak ordaintzeko, eta, gainera, finantzari eta politikari arduradunak auzipetu dituzte.

Era berean, hiritarren ekimenez, 31 lagunez osaturiko Batzorde Nazional bat sortu dute, lehenaldiko akatsak saihestuko dituen Konstituzio berri bat diseinatu eta eskualde desberdinetako batzordeetan eztabaidatu ondoren Parlamentuan proposamen gisa aurkezteko. Bide batez, aipatu nahi nuke emakumeak direla planteamendu honen gidari. Mereziko luke zergatia jakitea.

Islandiarrek, finantzari eta politikarien ustez derrigorrez hartu beharreko erabakien aurrean, alternatiba berriak sortu dituzte, krisiaren arduradunak epaitu eta lehengo arpilatzeak gerta ez daitezen Konstituzio berri bat egiten ari dira.

Zergatik ez gaituzte honetaz informatzen? Zeren beldur dira?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak