... jaialdietan guraso, irakasle eta neska-mutiko ugari bildu dira eta Aukera ezin hobea leloa zioen kamiseta zeramaten hainbat partaidek. Hala ote da?
Izan ere, Espainia ardatz eta pedagogia zaharkitua zuen "Escuela nacional"-aren aurrean, ikastolak Euskal Herria ardatz zuen pedagogia berriarekin hasi ziren. Espainiartzeko asimilazio itzela jasan arren, ikastolek jendeari herri gisara antolatzeko ilusioa eta borondatez jarduteko gogoa sortzea lortu zuten. Pedagogia aldetik munduan ziren mugimendu berritzaileak aztertu, aurrerapenak hartu, euskaratu eta euskal sena itsatsi zien, Elbira Zipitriak gidatutako irakasleek eta gurasoek osatutako hainbat talde trinkori esker. Mugimendu honen olatuak beste eskolak euskalduntzera bultzatu zituen.
Ikasleak egin behar duen ikasketa ibilbidean (curriculumean), Espainiako Gobernuak arautzen du gaur egun Hego Euskal Herriko edukien %55 eta Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, berriz, euren eremuetan gainerako %45a. Ipar Euskal Herrian Frantziako Gobernuak arautzen du bere osotasunean. Horregatik, hezkuntza sare guztietan eta erakunde sozial eta politikoetan guraso, irakasle eta herritar asko Euskal Hezkuntza Sistema propio baten alde lanean ari dira. Euskal Herrian sustraitzen den Euskal Eskola dute helburu, Frantziak eta Espainiak eurena duten gisara. Espainiar nahiz frantziar kulturak beraien estatuek gaurkotuta, babestuta eta hedatuta daude; euskal kultura, ordea, oraindik ez da egoera horretara iritsi.
Derrigorrezko hezkuntzaren bukaerara iristean pertsona guztiek euren gaitasunak garatzeko baliabideak behar dituzte, euskal hiztunen komunitatean sustraituak izan eta naturaren oreka lortzeko sentsibilitatea.
Helburu hau kontuan hartuta, askotxo ez ote da ikastetxe bat "aukera ezin hobea" dela esatea?