Azken egunetako prentsan begirada bat emanez Espainiako Estatuak oinarrizko zerbitzuetan (osasuna, hezkuntza, gizarte babesa) egindako murrizketak eta Bankiak jasotako dirutzaren inguruko berriak irakur ditzakegu. Baita ere PPk espainiartasunean hezi eta gizarte sentsibilizazioa ahultzeko hezkuntzarako zein curriculum aldaketa proposatu duen. Honela jendeari irizpide kritikoa osatzeko, aukera berdintasuna lortzeko eta elkartasunez bizitzeko beharrezkoak diren baliabideak ukatzen zaizkio.
Guztia ez da txarra gure inguruan, ordea, badago esperantzari leiho bat zabaltzeko hainbat motibo; erreferente positiboak dira ikastolen mugimendua, bertsozaleen elkartea, euskaldunon elkarteen mugimendua, Euskal Herriko Laborantza Ganbara… Eta joan den astean Fagor Taldeko 8 kooperatibetako bazkideek soldaten jaitsiera erabaki dutela jakin dugu, egoera zailean aurkitzen diren 2 kooperatibei laguntza emateko. Gehienentzat %5ekoa da jaitsiera; %7,57koa eta %8,81koa laguntza jasoko duten kooperatibetako bazkideentzat. Erabakia erreferendum bidez hartu dute 8.900 bazkideek eta %76ren oniritzia izan du. Nabarmentzekoa da guztiek parte hartuz erabakia demokratikoki hartu dela, beste kasu askotan bezala: Brandt-en erosketa egiteko, lanik gabe gelditutako bazkideak beste kooperatiba batean lanerako onartzeko... Indibidualismoa helburu jartzen den garai honetan erabaki solidarioak hartzen dituzte kooperatibek. Ez da honelako ariketa demokratikorik ikusten kooperatibatik kanpoko erakundeetan.
Galerak eta irabaziak gertatzean bazkideek elkartasunez erantzuten dute kooperatiben kasuan. Inguruko beste enpresetan ERE erregulazio asko ikusten ditugu. Horietan gauzak gaizki doazenean soldatak jaitsi eta laneko baldintzak murrizten dira, baina zer gertatzen da irabaziak sortzen direnean? Nor egiten da haien jabe? Azpimarratzeko modukoa da kooperatibetan erabakiak hartzeko modua eta pizgarria solidaritate honek sortzen duen esperantza.