... urrun zeukan lantegira joatea zein nekeza egiten zitzaion. Lantokia urruti izanik, nekagarria egiten zitzaiola joan-etorrietako denbora eta gastua, familiarekin eta lagunekin egoteko tarterik ezin hartua, bere asmo eta afizio pertsonalak alde batera utzi beharra denbora faltagatik...
Lana norberaren dohainak garatzeko dela uste izan da gure gizartean, baina lan honek baldintza batzuk bete behar ditu horretarako. Pertsonaren ahalmenaren neurrikoa behar du izan lanak eta baliabide egokiak behar ditu lanpostuak. Ordu asko izateak gainditu lezake bere ahalmena. Ahalmena izateaz gain, enpresara eta lanpostura egokitzeko formazioa behar du pertsonak, nahiz eta aurretik hainbat titulu izan. Enpresak beregandik zer espero duen eta nola eman jakin behar du.
Garapen pertsonalaren helburua betetzeko, lana bera gustukoa izatea da hurrengo baldintza. Aspergarria izan daiteke eguneroko ohituratik irteten ez delako edo menperatzailea exijentzia eta dedikazio handiegia eskatzen duelako, bizitza lanaren menpe jartzea behartzen duelako. Laneko giroa atsegina izatea ere garrantzitsua da lana gustukoa izateko, lankideak elkarren lehian jarri ordez elkarri laguntzen jartzen dituena. Edozein lan egiteko zailtasunak gainditzeko borondatea behar da eta langileak beharrezko dohainak eta formazio egokia baditu, lanaren ezaugarriak eta lankideen arteko giroa dira borondatearen pizgarri nagusiak, lana gustuko egiten dutenak.
Langile familiakoak garenontzako bizitzako ardatz nagusietako bat da lana eta bizimodua aurrera ateratzeko lan egitea beste erremediorik ez du jende gehienak, errentetatik bizi diren bakan batzuk salbu. Neure aldetik asko ikasi dut lanean, disgustuak izan ditut, baina baita poz handiak ere. Lankide fin eta leialak izan ditut orokorrean eta eurek lagundu didate aurrera egiten. Horrengatik, eta erraza ez bada ere, uste dut merezi duela gustuko lana bilatzeak.