... pasa nintzen bere semearekin eta alabarekin solasean ari zen andre ezagun baten ondotik. Bilobatxoa ere bazuten eurekin.
Entzun nuenarekin erabat txundituta gelditu nintzen: erdaraz ari ziren hizketan!
Arrasateko andre euskalduna da bera, familia euskaldunekoa, senarra euskalduna duena, seme-alabak euskaldun hezi dituena… eta erdaraz ari ziren mintzatzen! Ez zitzaidan sekulan burutik pasako honelakorik!
Iruditzen zait arrakasta itzela izaten ari direla euskaldunok geure burua gutxietsi eta gaztelania geuretzat hartzeko politika daramaten guztiek: eskolan zigortu gaituzte, iseka eta salaketa bidez lagunak gorrotatzera bultzatu gaituzte, euskal kantuak eta liburuak eragotzi dizkigute, etorkinei euskara ikastearen komenentzia kendu diete burutik, gure historia bahitu eta Espainiaren edo Frantziaren interpretazioak irentsarazi dizkigute. Soldadutzako mespretxuak ere oso bortitzak izan dira gizonen kasuan. Giro horretan bizitako hainbatek erdara hitz egitera bultzatu dituzte seme-alabak, eurek bezala sufritzerik nahi ez dutelako.
Eskarmentuak erakusten du norbere buruaren ukaziora behartzen duen menpekotasun honek luze jotzen duenean, sarritan, biktima psikologikoki ez dela gai erasotzen diotenean erantzuteko. Denboraren poderioz, biktimak nagusiarekin dituen loturak gero eta gehiago dira eta menpekotasun egoera areagotu egiten da. Menperatutakoa bera errudun sentiarazten dute.
Ze jarrera hartu daiteke honen aurrean? Inork ez ditu gurasoak hautatu, ezta jaio den herria ere.
Bidezkoa da gurasoak ondratzea, eurengandik jasotako hizkuntza eta kultura zabaldu eta indartzea, eta Euskal Herrian bizi garenez, jendarte euskalduna eraikitzea, hemen bizi garelako eta nahi dugulako.