Bertan azaltzen da kapitalismoaren eragina bistaratzean eta patriarkatuaz ohartaraztean emakume talde haiek ausartak eta berritzaileak zirela, baita Euskal Herriaren eskubide politikoak aldarrikatzean ere; ez, ordea, hizkuntzan. Menperatzaileen hizkuntza zen ohiko hizkuntza eta, nahiz eta bertako eragileak euskaldunak izan, ez zuten euskara aintzakotzat hartzen aktibitateak antolatzerakoan. AEDko Emakume taldea zena, gaur egun EKIN Emakumeak elkartea dena, da salbuespen bakarra, emakume euskaldunei eta izan nahi zutenei zuzendua zegoen eta bere jarduera.
Euskaraz bizitzeko hautua egin duten eta emakumeentzat garapen aukerak zabaldu eta berdintasuna lortu nahi duten emakume eta gizonak batzen dira EKIN Emakumeak elkartean. Elkartea sortu zuten, helburuak lortzeko eraginkortasuna handiagoa izango zela jabetzean, honetarako ezinbestekoa baitzen elkartzea eta antolatzea.
Joan den hilean EKIN Emakumeak elkarteko boluntario lantalde batek prestatutako Debagoieneko emakumeen bizimodua azaltzeko argazki erakusketa ireki zen Kulturaten. Euren bidez parte hartu dute bailarako beste pertsona askok argazkiak ekartzen eta beste hainbat alorretan, eta bailarako hiru emakume alkateek euren bizipenak kontatu dituzte. Jakin dugunez, oso arrakastatsua izan da: 1.969 ikusle izan dira, 1.297 emakume eta 672 gizon, beste erakusketa arrakastatsuenetan joan ohi direnen gainetik, adituek diotenez. Bailarako jendearekin batera antolatutako erakusketak erantzun bikaina izan du eta emakumeen espazioaren aldarrikapenak indar handiagoa lortu du.
EKIN Emakumeak sortu zenean bezala orain ere, ikusten da lantaldeen lana dela oinarrizkoa elkartearen eraginari eutsi eta zabaltzeko eta honen bidez emakume euskaldunek beraien espazioak hartzen jarraitzeko.