Lotsa gutxirekin jarduten dute "merkatua" esaten jendartearen gainetik dagoen izaki bat balitz bezala. Ez digute esaten "merkatu" horri inolako kontrol demokratikorik gabe eragiten dioten kapitalistek izen eta abizenak dituztela. Politikariak dira gero "merkatuak" agindutako neurriak ezartzen dituztenak: langileei soldatak jaitsi eta kaleratzea merkatu, pentsioak murriztu, baliabide energetikoak eta lehengaiak esplotatu,… Eta hedabideetan neurri hauek krisiari aurre egiteko aukera bakarra balira bezala azaltzen dizkigute, euren mendekoak dira eta. Erabaki politikoak ez die erantzuten, ordea, jendartearen premiei, politikariak presionatzen dituzten kapitalista horien interesei baizik. Politikari hauek etorkizuneko lanpostuak prestatzen ariko dira, Felipe Gonzalez, Jose Maria Aznar eta beste batzuen modura.
Emakumeon kasuan langileengan eragiten duten neurri murriztaile hauekin gurutzatzen da patriarkatua. Lanaren sexu-bereizketara darama horrek eta kasualitatez, ordaindu gabeak, soldata baxukoak, beste prestazio batzuk ez dituztenak, lan izenik ere ez dutenak… dira lan hauek: etxeko lanak… EUSTATek egindako inkestetan azaltzen da emakumezkoek gizonezkoek baino denbora gutxiago eskaintzen dietela lan ordainduei, eta horiek baino askoz denbora gehiago lan ordaindu gabeei.
Inposizio kapitalista eta patriarkatuaz gain, emakume euskaldunak garen partetik, auzoko bi estatuek ezartzen diguten erdaren nagusitasuna ere nozitzen dugu, atseginez euskaraz bizitzea eragozten diguna. Ekin Emakumeak elkarteko kide bezala, ez gaude prest amore emateko. Ez gara inor baino gehiago, ezta gutxiago ere. Horregatik ari gara euskaraz bizitzeko baldintzak sortu nahian ekintzak antolatzen, bai herrikoentzako eta baita etorkinentzako ere. Kapitala, patriarkatua eta gaztelania nagusi diren honetan, pertsonetan oinarritutako jendarte baten bidean, emakume euskaldunek bizitza atseginagoa izateko ametsa lortzeko ari gara lanean.