Eguneroko bizimoduan ez gara horretaz konturatzen eta garaia hurbiltzen denean estutasunak sortzen direla ikusten dugu.
Geure buruarekin patu honen onarpenera heldu beharra dugu, heriotza bizitzaren parte delako, jaiotza den modu berean.
Jaio garen familiak, ingurune sozialak eta lekuak bizitzako aukerak baldintzatzen ditu. Ez da berdin familia aberats batean jaio edo ez, Afrika erdialdean edo hemen jaio. Jarrera ezberdinak daude bizitzaren eta heriotzaren aurrean.
Munduko zenbait herrialde behartsutan bizitako hemengo jendeak emandako azalpenetan atentzioa eman izan dit beti nola agertzen diren bertako herritarrak kantuan eta dantzan.
Boli Kostakoa da azkena ikusi eta entzun dudana: dutenarekin bizitzen dakite, guk beharrezkotzat jotzen dugun ondasun materialik ez duten arren bizipoza agertzen dute.
Beste gogoeta bat da heriotzaren aurrean bizi garen momentua aprobetxatzea, geroa ez dagoelako gure esku. Nork bere bizitza onartu behar du lehenengo, ospatu eta bizi gero, bizitzaren mirari atsegin hau pertsonalki esperimentatu.
Bizitzako une guztiak ez dira, noski, berdinak, badira neketsuak eta saminak, baina baita, Bitoriano Gandiagak dioen moduan, zorion ordu bikainak ere.
Hil denaren ahotsa isiltzen denean elkarrekin bizitako pasarteak gogoratzen ditugu, harekin izandako harremanak. Une horiek gogoratzean gure artean sentitzen dugu.
Agurtzeko ekitaldiak, erlijiosoak nahiz zibilak, balio digu hil dena joan dela ohartzeko, besteok elkartzeko, geu ere hilko garela gogoratzeko eta bizitza hobeto ospatzeko.