Gazte langileon egoera etengabe okertzen ari da. Soldata baxuen truke lan egiten dugu, praktika kontratu negargarriekin, aste gutxi batzuetako edo hilabeteko kontratu tenporalekin, ordu estrak sartuz eta, behin baino gehiagotan, ordaindu gabeko lanorduak burutuz. Aurreztea, egonkortasun minimo bat lortzea eta etorkizunerako planak egitea ezinezkoa da egungo baldintza ekonomikoekin. Eta horrek bizitzako esparru guztietan eragiten digu; harremantzean, osasun mentalean, bizi ohituretan zein kontsumitzen dugun aisialdian.
Pandemiak aldaketa ekonomiko eta sozial horien atzean dagoen krisia areagotzea ekarri du; areagotzea eta azaleratzea. Azken bi urteetan ezarritako neurriak pandemiari aurre egiteko neurriak direla sinestarazi nahi izan digute, baina denborak aurrera egin ahala agerian gelditu da ziklo ekonomiko berri baterako moldaketa eta berregituraketa fase baten gaudela. Alarma egoera ezarri zenean GKSk egindako irakurketetan adierazi zen bezala, bankari eta enpresari handien partetik ezarritako ofentsibak kontrol sozialean eta sumisioan oinarritutako gizartea du helburu, pobreziaren orokortzea eta eskubideen urraketen normalizazioarekin batera.
Basakeria honi aurre egiteko, politikari profesionalek ez dute inolako proposamen errealik plazaratu; miseria kudeatzera mugatu dira. Horregatik, bakoitzak bere arazoak izanda ere, gure kabuz antolatu eta eskubide kolektiboak defendatzea dagokigu.
Urtarrilaren 29an Bilbon ikusiko dugu elkar!
----------
Roberto Posada Diez
Debagoieneko GKSren izenean
Debagoiena