Azaletik bada ere, azter dezagun martxotik gaur arte daramagun datu mozkorraldia eta nola jarri dizkiguten mahai gainean, egunero, Eguberrietako menu oparo bat izango balitz bezala, kutsatuen tasak, R0 indizea, ZIUen okupazio maila, eta abar.
Estoldak dena irensteko arazoak dituenean bezala egin du gainezka gizarteak; nola ez du egingo, ba, erakunde ezberdinetatik, eta nahiz eta iturri beretik edan, datu kontraesankorrak zabaldu direnean? Asko dugu ikasteko pandemia amaitzen denerako, amaituko delako berandu baino lehen. Zalantzak sortzen dizkit, ordea, utziko dizkigun ikasgaietatik informazioa bahetzeko –ze zaila den ahoskatzea– erremintak gizarteratuko ote ditugun, eta, haratago joanda, komeni zaien askori ulergarriago egitea datuok.
Tamalez, gertatukoak sinesgaitzak hauspotu ditu, bide eman diegu konspirazio teoriei eta nahasmena eta mesfidantza zabaldu dugu gizartean.
Merke dago negazionista izatea, eta gure esku argudioak kentzea. Ni, aukeran, megazionista –mega gehiago–, datu-entsalada mokadu batez jateko.