Koka dezagun idazle eta filosofo frantziarrak hitzok noiz esan ahal zituen: XX. mendeko garairik asaldatuenean, II. Mundu Gerrak eztanda egin eta etorkizuna ezbaian zegoela.
Zorionez, beste gizarte eta beste garai batean bizi gara, komunikatzeko tresna eta baliabide askorekin. Hori bai, funtsean pertsonak dira oraindik –eta hala bedi– ondo edo gaizki komunikatzen dutenak.
Eztabaidatu genezake komunikatzaile on batek behar dituen dohain edo trebetasunen inguruan, eta, beharbada, testuingurua ere kontuan hartu beharko genuke.
Koronabirusarekin gertatzen ari dena ezin aproposagoa dirudi azterketa sakona egiteko, baita azalekoa ere, eta parez pare jartzeko hedabideetan ikusi eta entzun ditugun bi ordezkari politikoren jarduna.
Etxekoari begira, Nekane Murga Osasun sailburuari egokitu zaio aurpegia ematea gurean; estatuan, berriz, Fernando Simon medikua bilakatu da protagonista nagusi. Ahots berezia dute biek ala biek, berehala atentzioa ematen duten horietakoak, eta ohituta gauden politikarien tonu lau eta moteletik urruti.
Behin gure arreta lortuta, edukira jo genezake, eta esandakoarekin hartzailearengan sortzen den erreakziora. Murgak zalantzak, ziurgabetasunak eta nahasmena sortzen ditu, eta, gainera, hizpide duen gaia ez duela kontrolatzen ematen du. Simonek, aldiz, bere tonu didaktiko eta epelarekin, galdera guztietarako erantzunak dituela uzten du agerian, zuzenak edo okerrak izan, erantzunak behar dituelako gizarteak.
Beste aipu bat bukatzeko: "Hiru aste behar izaten dira hitzaldi inprobisatu bat prestatzeko" (Mark Twain)