Takashi laguna aukeratu dut Japonia zer den eta zer izan nahi duen irudikatzeko. Tokioko udaletxera bertaratu eta atarian erakusten digun irribarreak konturatu gabe hurbiltzen gaitu dagoen lekura, baita ingelesez txukun moldatzen dela egiaztatzeak. Erretiroa hartu eta gero, boluntario gisa bere hiria erakusten die bisitariei hilabetean behin, 14 miloi biztanle biltzen dituen lur puska bistadizo batean erakusterik balego. Igogailu bat baino gehiago hartu beharrak aukera ematen dit bere bizipenen bitartez japoniar gizarteak nola funtzionatzen duen ezagutzeko, eta bai, funtzionatu hitza aukeratzea ez da kasualitate hutsa.
Exekutibo gisa egunean 12 orduz egin duela lan lotsaren lotsaz kontatzen digu; gaur egun zeharo aldatu den egoera dela gaineratzen du, guk ezer galdetu gabe. Europarekiko miresmen eta errespetu puntu hori etengabe antzematen diogu solasaldian. "Museoak, musika, eta kultura, orokorrean, zuen herrialdeetatik datoz, gu ikasleak baino ez gara alor horretan", dio.
Harritu ninduen eraiki duten gizartea gutxietsi nahi hori, ez zidan denborarik eman Takashiri kontatzeko badutela zertaz harro egon eta zentzu askotan aurretik doazela europarrekiko: zakarrontzirik ez dago zikintzen ez dutelako, garraio publikoan mugikorra soilik soinurik gabe erabili daiteke eta ibilgailuak apenas entzuten dira errepideetan, gehienak elektrikoak direlako. Detaile hutsak Takashik erakutsi digunaren aurrean, baleko jendea dagoela Japonian.
P.D.: Takashi izena da asmatu dudan bakarra.