Beldurrezko filmetako protagonisten eta heavy musika talde entzutetsuenen kamisetak ditu gustuko, beti beltzez, galtza bakeroak eta zapatilak jantzita, negua edo uda dela.
Lankideak banan-banan agurtzen ditu bulegoko atetik igarotakoan.
Bati, aurreko eguneko aurpegi tristearen inguruan galdetzen dio.
Besteari, sendagilearekin zeukan hitzordua ondo joan den.
Eta nire lekura heldu orduko, futbolaren inguruko solasaldia abiatzen dugu, hau ere errutina sakratu bilakatu dena.
Elkar agurtu eta bere lehen galdera egiten dit egunero, gehienok betegarri bezala erabiltzen dugun "zer moduz zaude?" ateratzen da bere ahotik, nire begietara begiratuz.
Denboraren poderioz ohartu naiz berarentzat ez dela nahikoa "ondo" edo "gaizki" erantzutea, gehienok egin ohi dugun bezala.
Berak gehiago jakin nahi du; batez ere, ondoezaren arrazoiak azaltzera behartzen zaitu, barneak husteko gogoa izan edo ez.
Bi urte dira Downen sindromea duen Gontzal lankidea ezagutzen dudala eta esan dezaket berak baino gehiago ikasi dudala nik tarte honetan.
Kosta zitzaigun hasieran harremana estutzea, berak ez du edonor bere lagunen taldean sartzen, pribilegio edo ohore hori irabazi beharra dago pausoz pauso.
Nolanahi ere, dena ez da gozoa izan gure artean; haserretzerakoan muturreraino joatea izan ohi da bere estrategia, baina, ondoren etorri diren adostasunen ondotik, benetako adiskidetasuna zer den erakutsi dit.
Downen sindromea duten pertsonak gizarteratzeko ahalegina ez da inoiz nahikoa izango; beraiek baino gehiago, gu ateratzen gara irabazten.
Sar ezazue Gontzal bat zuen bizitzan eta gertatzen ari den guztia beste begi batzuekin ikusiko duzue.