Informazioa inoiz baino eskuragarri dagoen aro honetan kezkatzeko arrazoiak baditugula sumatzen dut azkenaldian, eta, bide batez, kazetariok gure buruari begiratzeko unea heldu dela iruditzen zait.
Hamaika aldiz egurtu dugun politikari plasmazalearen jarraitzaile sutsuak erakunde, gobernu eta kirol talde askotan ditugu ustezko komunikazio librearen zaindari gisa.
Teknologia berriek informazioa zabaltzeko ematen duten aukera azkar eta merkearen aitzakiarekin zera sinestarazi nahi digute: hartzaileak eskatutakoa dela eta ase beharra dagoela informazio gose hori.
Horretarako, eta gizartea zurrunbilo batean sartuta dagoela aprobetxatuta, gu kazetariok erabiltzen gaituzte lanbideak bizi duen egoera tamalgarria bezain eskasa baliatuz.
Erredakzioetan ez omen dago jenderik prentsa agerraldietara joateko –egia gordina eta penagarria–, galdera deserosoak egin edota protagonisten beste aldea erakutsiko digun detaile hutsal bat hartu eta hortik tiratzeko.
Eskura jarri diegu erabakia eta estrategia.
Nik zabaldutako informazioak eta mezuak ez dit ihes egingo, arriskuak murriztu eta, gainera, gizarteari begira inoiz baino komunikazio libre eta irekiagoa egiten dudala saltzeko abagunea, ezta amestuta ere!
Esna gaitezen garaiz eta eman diezaiogun gizarteari, hartzaileari, merezi duen informazioa eta izan dadila bera aukeraketa egiten duena.
Eta beste erremediorik ez badago, ez dezatela, behintzat, kazetaritza hitza erabili; galderarik gabeko adierazpenekin denok dugu asko galtzeko: kazetariok duintasuna eta gizarteak, gertatzen denaren arrazoiak ezagutzeko aukera. Ez da gutxi!