Beste erremediorik ez dugu hasieran amaren bularrera itsatsita gaudela, eta hortik aurrera bide bazterrean geratzen zaigu. Usaimena trebatu, elikatu eta jasotakoa kutxa ezberdinetan gordetzea egokitzen zaigu urteen poderioz, horretaz benetan jabetu gabe. Nik bizitako esperientzietan oinarritzen dut honako gogoeta hau, eta, egiari zor, Ambi Pur etxeak lagundutako ikerketak bide eman dit oker ez nagoela konturatzeko. Aire-freskagarri ekoizleak babestutako ikerketak dioenez, "gizakia usaindutakoaren %35 gogoratzeko gai da eta ikusitakoaren %5 baino ez".
Egin ezazue ariketa, jabetu zaitezte tarteka jasotako usainek nora eramaten zaituzteten eta harrituko zarete konturatzean usain soil batek zenbat irudi, pertsona, esperientzia eta momentu (gehienetan onak) irudikatzeko gai den.
Orain gutxi, gaztetxoen futbol partidu batek urtetan usainduko gabeko Reflex espraia hurbildu zidan sudurrera, eta hara non etorri zitzaizkidan di-da batean bizitako zenbait pasarte, ezagututako lagunak eta ahaztuta nituen lekuak.
Mendira onddo bila joan eta otarrea irudi eta oroitzapenez betea ekarri nuen orain gutxi (besterik ez bada, behintzat), eta hain ziren gardenak irudiak, usaimenaren indarraz jabetu nintzen orduan.
Txanponaren bi aldeak erakutsi dizkigute ikerlariek azkenaldian: Biological Psychology aldizkariak dio "harreman iraunkorretako sekretua usaimenean" dagoela eta Plos One-k, berriz, "usaimena apurka-apurka galtzen joatea heriotza gertu" dugun seinalea dela. Ahal dugun bitartean goza dezagun usaimenaren festarekin, garai aproposak datoz-eta horretarako: txokolatea, gaztainak, mandarinak, sagar erreak, hosto umelak, piñutelak...