Kalean nabaritzen da, plazak maskararik gabeko jendez beteta daude, parkeak umez gainezka, eta dagoeneko hasi dira auzoetako eta herrietako festak, uda hemen dela iragartzen digutenak. Azken bi urte hauetan 16-18 urte bete dituzten gazteak gogotsu ikusten dira, orain arte ezezagun egin zitzaien mundu bat eta kalea deskubritzen ari direnak.
Ikasturtearen azken txanpan gaude, eta bat-batean burura etorri zait oraintsu irakasle bati entzun nion kasua, erabat harritu ninduena. Badira nerabe batzuk –neskak, batik bat– maskara kentzeko beldurra/ errespetua dutenak. Aho txikiz onartu dute bi urte hauetan aurpegiaren zati handi bat estalia eramatera ohitu direla eta, nolabait, maskara kentzea biluztea dela. Nerabe batzuek, pandemiak 12-14 urte bitarteko adinean harrapatu dituenak, gorputza garatu dute, fakzio berriak definitu dituzte, umetako fisionomia aldatu dute… Horregatik, biluzte sentsazioaren sentipena eta maskara jarrita seguritatea sentitzea.
Izena ere jarri diote: Síndrome de la cara vacía edo Aurpegi hutsaren sindromea. Eta berarekin lotuta, agorafobia kasuak ere gehitu dira; hau da, espazio ireki eta zabalen aurrean larritasuna edo antsietatea.
Ikasgai batzuk ikasi ditugu, eta esango nuke orainaldia gehiago bizi dugula, ez dugula hainbeste planifikatzen. Izan ere, bat-batean, plan guztiak aldatzen dituen zerbait gerta daiteke.
Esandakoa! Aprobetxatu bizi dugun unea! Uda eta eguraldi ona, festa eta lagun eta familiakoekin planak; agian, aspaldi ikusi ez ditugunak. Ondo pasa!