Kontraesanak

Erabiltzailearen aurpegia Rosa Mondragon 2021ko abe. 24a, 00:00

Erabaki zuzenak baino gehiago izan dira okerrak pandemian, gizartearen erdiarentzat. Horixe ondorioztatu daiteke inkesta etxe batek jasotako emaitzetatik. Gainera, COVID-19aren inguruko informazioa emateko zientzialari eta adituen esanak dira sinesgarrienak herritarrentzat, eta bestelako iturriei erreparatuta, berriz, sinesgarritasun gutxi transmititzen dute komunikabideek eta erakundeek emandako informazioek.

Orain, pasaportearen kontu honekin, asko dira ezarri diren neurrien kontra agertu diren pertsonak, elkarteak eta abar. Eta, tartean, hainbat epidemiologo eta osasun publikoko aditu ere badira; zalantzan jartzen dute tresna honen eraginkortasuna eta ziurtatzen dute garrantzitsuena dela ezagutzen diren ondorio errealak dituzten neurriak indartzea. Bitartean, gizartea banatuta dago eta muturreko egoerara iristeko arriskuan gaude, gizarte-gatazka sortaraziz. Ez da erraza ulertzea, jabetzea eta egoerak uztartzea. Nola jokatu kuadrillako planen batean norbaitek ez badu ditxosozko pasaporterik? Etxetik kanpo egiten diren familiako ospakizunetan, norbaitek ez badu, zer? Aitona edo amona ingresatzen badute ospitalean/ egoitzan, ezin izango dute bisitan joan? Eta, egoera muturrera eramanda, pasaporterik ez duen norbait gaixotzen bada, ezingo da medikuarengana edo ospitalera joan? Egoera asko daude, bat-batean egunerokotasuna aldatzen ari direnak, asko kontrajarriak, eta tartean gaude denok. Bai, denok, zuzenean edo zeharka denoi eragiten digun egoera baita!

Aditu juridiko batzuek eta sareetan bueltaka dabilen oharrak ohartarazten du banakako datu medikoak bereizteko eta babesteko eskubideak urratzen direla. Edozein kasutan, COVID pasaportea aplikatzeak lan eta erantzukizun-karga gehigarria dakar, eta horren arduradun bilakatu dira ostalaritzako jabeak, osasungintzako langileak, eraikin publikoetako langileak…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak