Tradizioak agindu bezala, ilbeheran hiltzen zen txerria, eta auzotar eta senitartekoen laguntzarekin, festa giroan egiten ziren txarribodako lanak. Kantu zaharrak dio "etorri da San Martin eguna eta joan da txerria" edo "San Martin, negua atzetik edo aurretik" eta txerriarekin lotutako esaera zaharrak, berriz, "txerriak dana du ona" eta "txerria ildako astia eta ezkondutako urtia onenak dira".
Gaur egun ia galduta dagoen ohitura da. Egia da urteekin aldatzen, modernizatzen doazela usadioak, ohiturak eta tradizioak eta baita sinismenak, baloreak… Horiek guztiak gurekin batera aldatzen dira, gizartearen eboluzioaren lekuko dira, eta belaunaldi berriek beste ohitura berri batzuk sortu eta ezarriko dituzte.
Oraintsu elkarrizketa batean amona batek esaten zuena egia da: "Ohitura zaharrak ez dira sentitzen, beste modu batean pentsatzen delako". Egia da gaineratzen zuena ere, kaleko ohitura batzuk gorde direla, eta iraganean baino gehiago ospatzen direla: San Joan bezperako sua, Santa Agedako kantuak... baina etxe barrukoak galdu egin direla: su ondoan ipuinak kontatzea, kantak abestea, eta abar.
Bai, nola aldatu diren gauzak! Daramagun bizitza motorizatuan, zeinek daki gaur zer den txarriboda bat? Ilargiaren mugimendua nork jarraitzen du? Kantu zaharrak, esaera zaharrak... ba hori, kontu zaharrak direla!