Kontakizunak behar duen hizkera (II)

Erabiltzailearen aurpegia Rafa Santxez Muxika 2021ko ira. 5a, 00:00

Artikulu honen lehenengo zatian, hitzek esanahi berriak hartu dituztela nioen. Eta elite politiko eta ekonomikoek eraiki duten "kontakizunak" ezinbestez bere hizkera behar duela "supremazismo gaztelar/ espainiarra" eta euren pribilegio sozioekonomikoak asetzen segitzeko. Eskuarki, estabilitatea eta progresoa bezalako hitzen atzean ezkutatzen den gose asegaitza.

Gogora ekarri nahi izan nituen gure nazioaren historian mugarri izan diren gertaerak, eta "kontakizunaren" hizkera menpean daudenak. Mendebaldeko Nafarroaren konkista, 1200ean, "borondatezko entrega", 1512ko Nafarroa Garaia eta Beherakoaren inbasioari "bateratzea", 1620an Frantziak Nafarroa Beherea okupatu zueneko Batasunaren Dekretua. Harrezkero, ustezko "paktu", "akordio" eta gainerakoen ondorioz, 800 urte inguru iraun zuen Euskal Herri independentearen Estatu Nafarrak bereak egin du; eta harekin batera euskaldunon burujabetasunak.

2021eko ekainaren 30ean, 500 urte bete ziren Noaingo gudua gertatu zenetik. 1512ko inbasioaren ondoren, Nafarroa askatzeko hirugarren saialdiaren porrota. Datorren urtean, 2022an, Amaiurko gazteluaren setioa izango da; eta 2024an, Hondarribikoa. 1521ean "frantsesek" Nafarroa inbaditu zutela errepikatu digute berriro ere, eta Loiolako Iñigo santua Iruñean zauritu zutela "tropa inbaditzaile frantziarren" aurkako defentsan. Gaztelaren zerbitzuan zebiltzan jauntxoa zen oinaztarra; Iruñeko okupatzaileen laguntzaile eta bertakoen etsai. Nafarroako burujabetasunaren alde, ordea, beste santuaren anaiak: Frantses edo Frantzisko Xabierkoarenak, Jatsu Azpilkueta leinukoak.

Baina oraingoan ere, Hegoaldeko bi autonomien elite ekonomiko eta politikoek ez diote euskalnafarron "memoriari" tokirik egin euren agendan. Betiko "kontakizun" ofizialari eutsi diote. Foixeko errege-erregina nafarrak arrotz frantsesak zirela eman dute aditzera oraingoan ere, eta Carlos I.a –gaztelaniaz hitz bi egiten ez zekiena eta Gaztelako Komuneroen Errebolta zanpatu berri zuen berbera– bertakoon talde kapitaina. Nafarroako erregea, Foix Etxeko Henrike II.a Albret edo Labritekoa, Zangozan jaio zen. Nafarroan hezia. Henrike II.a gaskoiz, frantsesez eta nafar erromantzeaz gain, euskaraz moldatuko zen, XVI. mendeko nafar gehien-gehienen hizkuntza naturala euskara baitzen: herriarena zein erresumako funtzionarioena ere bai. Tomas Urzainki historialariaren arabera, 1553an Nafarroako Henrike III.a jaio berria zela, biloba besoetan jaso eta honela hasi zen euskaraz Henrike II.a Zangozarra: "Gure Printzipe don Henrike mundu guzia huna betor, aur noble onengana, oin eskuen apatzera, yaun andiari bezala. Ez jaio da ez jaioko inor honen iguala...".

Baina berdin dio. "Frantsesa" izatea ez da gauza ona, nonbait. Adiskide gaztelarrek inoiz azaldu didatenez, gure "frantsesengandik liberatu" gintuztenean mesede galanta egin omen ziguten. Habsburgortarrak Arratiakoak edo Erriberakoak izan balira bezala! Hizkuntza nazionaletan inprimatzen hasi zenean, errege-erregina "frantses" haiek, hain zuen ere, euskarazko lehen argitalpenak sustatu zituztenak izan ziren. Gaztelatik debekua eta mespretxua baino ez diote euskarari opa. Nolanahi ere, supremazismo gaztelarra ala jakobinismo frantsesa? Lokatzatik lupetzera. Cisneros kardinalak, Gaztelako erregeordeak, Nafarroan sare errepresiboa sortu zuen, "bertakoengandik defendatzeko". Komenigarritzat jo zuen "presa (Nafarroa) seguruago mantentzeko" bere gotorleku guztiak eraistea: "Horrela, erresuma oinperaturik, ez du ausardiarik izango bere burua agerian jartzeko". Nafarrak Andaluziara deportatu eta Nafarroa gaztelarrekin eta andaluziarrekin birpopulatu nahi izan zuen, baina baliabide faltagatik ez zen gauzatu. Juduekin egina zuten, eta geroago moriskoekin egingo zuten.

Errepresioak eta okupazio militarreko urteek eragindako kalteagatik "damua eta erreparazioa" eskatu duen agintari "demokratikorik" ba al dago? Aspaldiko kontuak omen. Historiaren bilakaera "normala" omen. Herri batzuen hizkuntzak eta kulturak "zibilizatzaile" eta "integratzaile" bide dira; beste batzuenak, ordea, ez-gauza eta desagertzera kondenatuak. Nazio errebindikazioa tokiz kanpo dago, "ameskeria identitarioa" baita. Hortaz, "normaltasuna" eta "bake soziala" babesteko eskubide zibil indibidual eta kolektiboak "egokitu" behar badira, bada, hala bedi. Horrela, "zuzenbidearen araberako erabakiak" eta "jarduketa proportzionalak" gertatzen dira, eta horiek matonismotik zuzenbidetik baino gehiago dute maiz. "Zuzenbide estatua" eta "herritarron eskubideen defentsan", "Herritarren Segurtasuna Babesteko Lege Organikoa" edo "Auzitegi Nazionala" bezalakoen menpe bizi gara. Herritarren eskubideak babesteko? Zein? Mozal legea? Auzitegi Nazionala?

George Orwellek 1984 nobelan "newspeak edo hizketaberria" kontzeptua sortu zuen. Orwellek, ezer txarrik baldin badauka, aurreikusi zituen gaitzak betetzen doazela da. "Doublethink", fake news-en aitzindaria. "Pentsamendu krimena"; "memory hole"; hau da, dokumentuak manipulatuz historiaren bertsio ofizial bakarra finkatzea. "Kontakizunaren hizkera" aurreikusi zuen Orwellek. Gure bizitza pribatua eta memoria kolektiboa baldintzatzen digun hizkera manipulazioa luze joan lekiguke: "maila nazionalean", "euskararen inposizioa", "ez-nazionalistak", "langileen birkokapena", "pentsioen birdoitzea", "libertatea vs sozial-komunismo bolibartarra", "feminaziak", "euskaldunak eta nafarrak"... Ez dira ondoriorik gabeko hitz aldaerak. Burmuinean itsasten zaizkigun kontzeptuak dira, eta gure bizimodu pribatuan zein kolektiboan eragina dute. Voltaire filosofo frantsesak XVIII. mendean hau zioen: "Zentzugabekeriak sinetsarazi diezazkieketenek ankerkeriak eginaraz diezazkizukete". Kontakizun ofizialak bere hizkera behar du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak