Kontakizunak behar duen hizkera (I)

Erabiltzailearen aurpegia Rafa Santxez Muxika 2021ko eka. 27a, 00:00

Hitzek esanahi berriak hartu dituzte: "gaizkiaren ardatza", "terrorearen aurkako gerra", "gerra prebentiboa", "terrorismo palestinarra", "Israelen defentsa"... Hildako zibilak "alboko kalteak" dira orain. "Aparteko entregak", "erregimen-aldaketa", "itotze simulatua", "poliziaren esku-hartze proportzionala"... Lehenengo hitzak lapurtzen dira, gero esanahiak, eta gero gerokoak.

Euskal Herrian, edo Herrialde Katalanetan, "elkarbizitza arazo bat" omen dago "arazo politikoa" ez esatearren. Eta arazo politiko horren atzean “supremazismo gaztelarra" eta “eliteen interesak” daude. Elite hauen ikuspuntutik, eta mezua erraz dakite hedatzen, eurak ez dira "nazionalista espainiarrak", munduaren zati honi berez eta betidanik dagokiona beraiek ordezkatzen eta defendatzen baitute: “normaltasuna". Zerbait kontrolpetik ihes egiteko arriskua ikusten duten bakoitzean, lotsa barik banderak eta jendearen sentimendurik nazionalistenak "nazionalismo baztertzailearen" aurka – eurena ez den edozein–, "sozial-komunista bolibartarren" aurka – terminologia berrixeagoa betiko "gorrientzat"–, "filoterroristen" aurka –betiko komodina– eta "kolpisten" aurka astinduko dituzte azkar asko. "Kolpistak" dira azken boladako asmakizun semantikoa. Herriari erabakitzeko eskubidea ematen saiatzeagatik espainiarrek Kataluniako parlamentariak zigortzeko asmatutakoa. Aitzitik, 1936koak, 1981ekoak edo, ildo beretik, 2020an gobernu "sozial-komunistaren" aurkako manifestua sinatu zuten 271 militarrak "patriota konprometituak" ei dira, eta ez zaie inoiz begirunea eta barkamena falta izan.

Euskal Herria-Nafarroako lurralde hauetan ere badira, lankidetzaren onurengatik, mendeetan zehar Gaztela-Espainiarekin lerrokatu izan diren eliteak. Bat datoz "Espainiako historia" baten egiazkotasuna betikotzeko "kontakizunarekin". Espainiako historia, gaztelarra azken finean, ñabardurak ñabardura, eurena egin baitute. Oraina sustatzeko “Hispaniako jatorrizko biztanle" haiengandik abiatzen den kontakizuna: zeltak, iberiarrak, hispano-erromatarrak eta godoak. Ez, ez: jende euskalduna inoiz gutxitan agertzen da. Nekez uler daiteke nola demontre gauden hemen. Gero, Errege Katolikoen "errekonkista" eta "Espainiaren bateratzea", sekulako eta betiko “batasun sakratuaren" habia.

Kontakizun honek bere hizkera manipulatzailea behar du ezinbestez. Mendebaldeko Nafarroaren konkista, 1200ean, "borondatezko entrega" bihurtuko da. 1512ko Nafarroa Garaia eta Beherakoaren inbasioari "bateratzea" esango diote. Herritarren konkista eta asimilazioari aurre egiteari "indarkeria" esango diote. Okupatzailea eta bere kolaboratzaileak "bakearen eta ordenaren defendatzaileak" izango dira, eta "zuzenbide estatuaren" menpe erreboltariak makurrarazteko neurri errepresibo militarrak zein judizialak hartzeko estatuaren “zilegitasun demokratikoa" erabiliko dute erruz.

Joan den 2020an, pandemia hasi zen urtean, azken euskal lurraldeen independentzia galdu zeneko 400. urteurrena ere izan zen. Frantziak Nafarroa Beherearen eta Biarnoaren okupazio militarra burutu zuen 1620an. Ia 1.000 urteko ibilbide burujabearen hondarretan, Euskal Herri independentearen Estatu Nafarrak bereak egin zuen orduan; eta orain arte. Edozein nazioren memorian funtsezkoa izango litzatekeen gertaera historiko hori oharkabean igaro zen. Baina Nafarroa Beherea Frantziako Errepublikan dago eta, beharbada, "gabatxoen" kontua izango da, gure Iparraldeko aberkideei erreferentzia eginez.

2021eko ekainaren 30 honetan, 500 urte beteko dira Noaingo gudua gertatu zenetik. Izan ere, 1512an espainiarrek Nafarroa Garaia inbaditu ondoren, hirutan saiatu ziren nafarrak independentzia berreskuratzen. 1521ean hiri nagusiak altxatu ziren eta gaztelarrak botatzea lortu zuten. Baina ekainean, jauntxo baskongado eta nafar etxekalte batzuen laguntzarekin, espainiarrek soldadu nafarrak eta haien aliatu gaskoiak garaitu zituzten Noaingo batailan. Bost mila nafar inguru hil ziren Getzeko eta Eskirotzeko zelaietan, Nafarroako gazteriaren odoluste handia. Gero, Amaiur eta Hondarribia etorri ziren. Alardeak, "itun hitzartuak", "foru-sistemaren errespetua" eta antzekoak. "Kontakizun" horrek eragina izan du “autonomien estatua" besterik ezagutu ez duten belaunaldien artean. Askorentzat "euskal" eta "nafarra" bi gauza desberdin bilakatu dira eta, gainera, "ondo gaude gauden bezala". Iragan independentea gogora ekartzen duten euskal-nafarrei "presentismo historikoaren" akatsa leporatu zaie; hau da: "nazionalismo baztertzailea" sostengatzeko iraganeko gertaerak eta jokabideak egungo pentsamoldearekin aztertzea. Akats hori leporatzen dieten "ez-nazionalista" horiek dira, alabaina. Egungo estatu espainiarraren kontakizuna –eta "plus ultra"– sostengatzeko penintsulako edozein txokotako ustezko "iragan espainiar loriatsua" – gaztelarra, betiere– presente duten horiek beroriek, hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak