Lehen ahalegina, 1924ko apirilaren 16an. Eskabidea 37 familiaburuk sinatuta.
Bigarrena, 1930eko urtarrilaren 16an. Batzorde bat izendatu zuten, botereahalmen handikoa, Madrilera joateko, Gobernu Ministeriora, espedientea bideratzeko.
Hirugarrena, 1936ko azaroaren 23an. Hau dio Kontzejuko akta-liburuak: El Alcalde-Presidente de la Junta Administrativa tiene que dar cumplimiento al Oficio recibido del Ayuntamiento de Aramaio que dice así: "Tengo el honor de comunicarle se sirva dirigir a este Ayuntamiento una instancia solicitando la segregación y la consiguiente anexión de esa Anteiglesia a la villa de Ochandiano. [...]". Gestio hark ez zuen proposatutako helburua lortu.
Zein arrazoitan oinarritu ziren oletarrak segregazioaren eta agregazioaren bideak hartzeko?
-Nagusia eta garrantzitsuena: distantzia. Oletako plazatik Aramaioko udaletxera bederatzi kilometro daude, eta bien erdian Arangio mendi tontorra, sarritan elurrez estalita.
-Otxandioko herriaren hurbiltasuna. Oletatik hiru kilometrora dago Otxandioko udaletxea.
-Oletako herriak Aramaioko Udalarekin tratu ofiziala besterik ez zuen izaten. Distantziagatik, Oletako biztanleek ezin zituzten baliatu eta gozatu Aramaioko Udaleko zerbitzuak.
Oletako biztanle bati gertatutako pasadizoa: 1807ko otsailean, Aramaioko udaletxera joan zen. Heldua zen, eta Apietako baserrian bizi zen. Aramaiotik itzultzerakoan, gaua iritsi zen eta elurra gogor ari zuen. Maltzetako eremura iritsi zenean, bidea galdu zuen, eta, etxetik kilometro batera zegoela, hil egin zen. Senitartekoek harrizko gurutze bat jarri zuten toki berean, eta oraindik han dago, urruntasunaren ondorio larri baten lekuko.
----------
Rafael Unzalu Uriarte
Aramaio (Oleta)