Martxoaren 8a emakume langileen lan baldintzak ezagutarazteko sortu zen Chicagon 1908an, lantegi batean, 146 emakume sutan erre zituztelako. Gaur egun, emakumeen aurkako jarrera baztertzailea desagerraraztea lortu ez duen nazioarteko eguna da eta berdintasuna errebindikatzeko erabiltzen dugu. Adibideak esparru askotan ditugu: politikan, erlijioetan, heziketan eta baita lanean ere.
Urtez urte egun honetan, egia esateko, errebindikazio berdinak egiten ditugu eta munduaren erantzuna ere berdina topatzen dugu. Akaso, gu geuk, emakumeok, elikatu egiten dugu geure bazterketa? Akaso, neurri baten konplizeak gara egoera hau etien sekula sekulorum mantentzeko?
Zer-nolako jarrera eta baloretan oinarritzen da gure eguneroko jarduna? Eta gure ingurukoena? Etxekoena? Lanekoena? Lagunena?...
Emakumeari, barneratu arte atxikitu zaizkion baloreak hauek izan dira: sumisioa, itsu-itsuan obeditu beharra, bigarren lerroan egotea esparru guztietan, gure mundua mundu domestikoa dela soil-soilik pentsatzea eta ez daukagula ezer egiterik mundu publikoan. Dudarik gabe, ordua da jarrera eta portaera horiek alde batera utzi, zulo sakon batean betiko sartu eta orain arte izan ez dugun erantzukizuna eta bizitzaren jabetasuna gureganatzeko eta aurrerantzean "lepoan hartu eta segi aurrera" egia bilakatzeko.
Jauzi hau emateko nondik indarberrituko gara emakumeok? Filosofiatik? Erlijiotik? Familiatik? Justiziatik? Edo beste emakumeengandik?…
Duda barik, beste emakumeekin indarrak batuz, elkartasunean, solidaritatean eta maitasunean oinarritutako giza taldea osatu eta sortu bedi gugandik gurekiko maitasuna, autoestimua, errespetua eta balorazio positiboa. Uxue Alberdik dioen moduan: "Konplize ditut eta maite ditut denak".