... edo jaietarako bi programa alternatibo jasotzea egitarau sendo baten ordez edota hainbat pertsona herriaren izenean hitz egiten entzutea norberarenean edo norberak ordezkatzen dituenen izenean egin ordez. Inork ez du bere erabakiaren zergatirik azaltzen, baina bai bestearen ezgaitasun eta erru guztiak.
Adibidez, zaborra arazo larria dela aitortzen dugu guztiok, eta bat eginik, irtenbidea bilatu ordez, besteengandik urruntzen gaituen horretan indarra jartzea erabaki dugu. Baina kontuz, hori bai, ezinbestekoa da proposamen bakoitza nork proposatu duen jakitea, horren arabera alde edo kontra jartzeko. Eta oker dabilena bestea da.
Genero indarkeriara bagoaz, ez dago nik ezagutzen dudan amaren semerik horren alde dagoenik. Teorian ados egonez gero, zelan ezin adostu jokaerak? Adibidez, txiste matxistak behin betiko bukatu, berdintasunean oinarritzen ez diren tradizioak aldatu…
Politikariengana jauzi eginda, gobernu berriaren eraketa prozesua ikusten ari garen honetan, akordioa eta kontsentsua dira etengabe eta talde desberdinen aldetik entzuten diren hitzak. Eta ekintza adosturik? Nola lortu hori, hain interes gutxi adierazita bestearen proposamenengatik?
Baina adostasunak ere badu pedagogia. Norberarengandik, barruan daukagunetik hasi eta bestea kontuan hartzetik abiatzen dena, eta dituen abantailak izugarrizkoak dira. Adostasuna ekonomikoagoa, didaktikoagoa, osasuntsuagoa, sortzailea eta berritzailea da. Bizitzako esparru guztietarako balio du, gainera: familiarako, lagunarterako, lanerako… Horregatik, gizartegintzak eta politikagintzak ez du beste metodorik aurrera egiteko, adostasuna baino. Guztiontzako gustukoena ez izan arren, guztiontzat hoberena dakarrelako.