Resu Abasolo (Aretxabaleta): "Martxoak 8, ospatzeko bakarrik?"

Erabiltzailearen aurpegia resu 2011ko mar. 11a, 01:00

Ez gaude ospakizunen kontra, batez ere, egoera ilunak argitara ekartzeko direnean.

Hauetako bat Martxoaren 8a da. Hasieran emakume langileen lan baldintzak ezagutarazteko ongietorria eman geniona, baina gaur egun, emakumeen aurkako jarrera baztertzaile eta sexista gutxitzea lortu ez duen ospakizuna. Aipatu dezagun datu esanguratsu bat, azpimarratzekoa da eta: 2011. urte berrian, emakumeentzat zaharrak berri, igarotako egunak beste emakume hil dira desegituratutako bikote harremanen ondorioz.

Horrez gain, lan munduan urtez urte errebindikazio berak egiten ditugu: emakumeak beti atzetik doaz lana eskuratzerakoan, gizonekin konparatuta lan berberarengatik soldata txikiagoa jasotzen dute eta erabakiak hartzen diren eremuetan emakumeen gabezia da nagusi. Hau ez da gertatzen bakarrik enpresa eta eremu pribatuetan, eremu publikoetan ere antzematen da: gobernuetan, udaletan, Hizkuntza Errege Akademietan, Euskaltzaindian, sariak ematen dituzten epaimahaietan, gobernuz kanpoko erakundeen aginte mahaietan, eliza katolikoan…Aldiz, aipatutako erakundeen funtzionamenduan ezinbestekoak dira emakumeak.

Beraz, ospakizunak balio beza oraingoan lehenagokoak gogoratzeaz gain eskatzen zaigun erantzukizun aktiboa hartzeko. Jaiaz gozatu egungo betebeharrak eremu guztietan azaleratzeko eta ez bakarrik bakoitzaren mundu txikian: etxean, lagunartean, txiste matxistak entzuterakoan, andreak kalifikatzeko mespretxuzko hitz, bertso eta kantu nabaritutakoan; baizik eta erabakiak ernetzen diren leku guztietan. Badaude oihartzunak, gainontzeko neurriak nahikoa ez direlako, hezkuntzari begira, hauxe baita gizaki berria ernetzen eta handitzen den leku pribilegiatua. Agian Suediako heziketaren produktua izan daiteke bertako ministroak, Eric Ullenhag-ek, emaztearekin hartutako erabakia: bera bi umeez (2 eta 6 urte) Suedian bertan arduratzea emaztea Jerusalemen lan garrantzitsu batekin saiatzen den bitartean. (El País, 2011-02-28).

Eskolan gure ustez beharrezkoa da erritualak aldatzea: gelako dinamikan harremanak zainduz eta emakumeenganako jarrera okerrak zuzenduz, erantzukizunen jokoa etengabe bultzatuaz eta curriculumean emakumeen ekarpenak arlo guztietan argira ekarriaz.

Emakumeak aurrera, Martxoaren 8ko aurtengo lemak hauxe diosku: emakumeok aldatu nahi badugu egoera, ezinbestekoa dela erabakiak hartzen diren gune guztietan ekitea.

---------------------------------------------------------------

Resu Abasolo eta Juana Lopez de Munain

(Irakasleak)

(Aretxabaleta)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak