"Ez beldurtu hondakinekin"

Erabiltzailearen aurpegia

Oñatin Zero Zabor taldekoek gonbidatu ninduten...

... apirilaren 20an hitz egitera gai honen inguruan: Atez Atekoa, bosgarren edukiontzia… Norena da birziklatzeko ardura? Pozik azaldu nintzen kontatzera zer ikasi dugun urteotan Usurbilen (bertan jaioa naiz) eta Hernanin (hemen bizi naiz).

Inor ez garenez jaio dena ikasita, guk ere zaborrei urte luzez begiak itxi dizkiegu, errauste plantaren arriskua gainean ikusi dugun arte. Hondakinak erretzearen kutsadurak eta honen ondorioek kezkatuta, asko ikasi behar izan dugu bai errausketaz eta bai erraustu beharrik gabe munduan dauden alternatibez. Printzipalena hau: etxeetan gure ohiturak pittin bat aldatuta posible dela denok sortzen ditugun hondakinak denon artean askoz hobeto aprobetxatzea.

Gipuzkoa osoa ari da orain eztabaidatzen hondakinez, eta hori oso ona da. Diskutitu dezagun libreki, azaldu gure zalantzak eta kezkak, eskatu informazioa, entzun iritzi ezberdinak… Baina gure eztabaidan ez dezagun sekula begien aurretik kendu gaiaren  benetako mamia: posible baldin badugu hondakinen %80 edo gehiago aprobetxatuz %20 edo gutxiago botatzea zabortegian, ez daukagu eskubiderik alderantzizkoa egiteko, ezin dugu hondakinen %70 edo %80 alferrik galdu errauskailuan kiskaliz, bai gure eta bai gure ondorengoen osasuna kaltetuz.

Orain dela bi urte, Hernaniko emakume talde batek antolatutako bilkuran Maddalen Lujanbio bertsolariak Eskuak zenbat dezaken manifestua irakurri zuen. Maddalenen lehen hitzak uzten dizkizuet: "Kosta egiten da aldatzea. Beldurra ematen du aldaketak. Ohitura segurtasuna da eta heldulekua. Baina eskuak mudatu dezake keinua, ahalegin txiki bat baino ez da beretzat. Dena batean pilatzen zuena berezi dezake hainbatetan. Eta egunean-egunean atarian utzi. Berritasunaren ikara, berritasunaren indarra bihurtu dezake eskuak. Ausartu egin behar du, froga egin; moldatu, hobetzeko".

--------------------

Pello Zubiria Kamino

Usurbil

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.