Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Saez Beloki 2015ko aza. 27a, 00:00

Andres Urrutia, euskaltzainburu jaun agurgarria:

Zuregana zuzentzen naiz, Andres, Euskararen Akademiaren aginte makilaren jabe zarelako eta Zuzendaritza Batzordearen buruzagitza duzulako.

Euskaltzale mordoxka bat gara euskararen berreskuratzeak ondorengo urte-hamarkadetan egin beharreko ziklo luzearen nondik norakoak kezkatuta gaudenak.

Oraintxe dugu une historiko egokia euskararentzat dinamika berri bat sortarazteko. Azken helburua euskararekin gaur egun dauden inertziak aldatzea litzateke, euskara gizartearen bigarren hizkuntza izatetik gizartearen hizkuntza nagusi bihurtzeko dinamika berria abian jartzea proposatu nahi dizut.

Proposatu nahi dizudan dinamika berriaren erdigunean Euskaltzaindia dago. Euskarari dagokionez, Euskaltzaindia da euskaldun guztion artean onarpenik zabalena duen erakundea.

Ondo baino hobeto dakizun bezala, Euskaltzaindia 1918an sortu zen eta Euskaltzaindiaren 50. urteurrenean, 1968an, egin zen euskara batu edo estandarizatu zuen Arantzazuko Biltzar Nagusia, eta harrezkeroztik, azken 50 urteotan, Euskararen Corpus Plangintza egin du Euskaltzaindiak, batik bat.

Euskaltzaindia, aurki, 2018an, mendeurrena betetzear da. Euskararen aro berriari hastapena Euskaltzaindiak antolatuko lukeen Mendeurreneko Batzar Nagusiak emango lioke, oraingo honetan, Status Plangintza egiteko, alegia, ondorengo 25-30 urteko ziklo luzean jarraitu beharreko gizarte-dinamikak zehazteko eta nondik norakoak finkatzeko eta erabakitzeko. Mendeurreneko Batzar Nagusi horretan erabakitzen den bide-orria guztiz akademikoa litzateke, guztiz teknikoa, 1968ko Batzar Nagusia Euskararen Batasunarena izan bazen, oraingo hau Euskararen Erabilerarena izango litzateke.

Euskarak beste mugarri bat jarri beharra dauka ziklo berria zabaltzeko. Mugarri hori Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horrek jarriko luke. Euskararentzat, hil ala bizikoa da, euskal gizartea mugiarazteko eta etorkizunerako nondik norakoak finkatzeko, horrelako aukera bat ez galtzea, euskarak gizartean zentralitatea eta lehentasuna lortu ahal izateko.

Hauxe eskatu nahi dizut, Andres: mesedez, eraman ezazu proposamen hau Euskaltzaindiaren Osoko Bilkurara sakonetik aztertua izan dadin eta euskaren etorkizuna irabazteko bide berriak zabal daitezen.

Euskarak aurrera egiteko, gaur-gaurkoz, lidergoa eta estrategien antolamendua behar ditu. Euskaltzaindia ur horietan zaildutako mariñela dugu. Lehen egin zuen eta orain ere egingo duela ez dugu zalantzarik.

----------

Patxi Saez Beloki

(Soziolinguista)

Azpeitia

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak