Bigarren mailako gipuzkoarrak

Aurten bete ditu 1.000 urte Ipuscua izena idatzirik ageri den lehen dokumentuak.

Horren harira, hainbat ekitaldi antolatu dira; besteak beste, San Telmo museoko erakusketa. Baina bertara joan garenoi ez digute esan Ipuscua idatzi zuena Iruñeko Antso Nagusia izan zenik. Ez dugu irakurri Ipuscua nafar tenentzia zenik, ezta dokumentuan ageri den Gartzia Azenaritz Iruñeko erregearen ordezkari edo tenentea zenik ere. 1200eko gazteluen mapa bat ikusi dugu, baina ez digute esan gaztelu horiek nafarrak zirenik, ezta urte hartan Gaztelak konkistatu zituenik ere.

Horregatik, ozen esan beharra dago: gaur egun Gipuzkoa deitzen den lurralde hau Iruñea-Nafarroako erresumaren parte zen eta armen bidez bereganatu zuen Gaztelak. Egungo Gipuzkoa hiru tenentziatan egituratuta zegoen –Aitzorrotz, Ipuzkoa eta Hernani–, eta horregatik ditugu armarrian hiru zuhaitz.

Milurteko ospakizunen baitan, Gipuzkoako Batzar Nagusiek dokumentua kokatzen den Altzoko herriari hiru hagin oparitu dizkiote, armarrian ageri diren hiru zuhaitzen oroigarri; jakin gabe Gipuzkoako armarriko zuhaitzak ez direla haginak.

Hala ere, akats hori baino mingarriagorik bada. Batzar Nagusietako lehendakariaren esanetan, oparitutako zuhaitzek Gipuzkoako hiru bailaren arteko "batasuna, elkartasuna eta berdintasuna" sinbolizatzen dute. Baina zuhaitz horiek Herniotik, Aralartik eta Aiako Harritik hartu dituzte; hau da, Ipuzkoatik bi, Hernanitik bat eta Aitzorrotzetik zero. 

Mesedez, ez erabili berdintasuna moduko hitzik. Beste behin, argi eta garbi erakutsi diguzue Deba bailarakoak bigarren mailako gipuzkoarrak garela. Aberastasuna eman bai, baina bueltan, ezer ez. Bestela, ematen diguzuen garraio zerbitzua konparatu beste bi bailarekin. Edo begiratu Legazpitik Zumaiarainoko bidegorria bukatzear zaudeten honetan gurea nola daukazuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak