Gaur egungo Antzuolak, Bergarak eta Elgetak Bergara bailara osatzen zuten, Villanueva zenak bailararen izena bereganatu zuen arte.
Beraz, bergarar peto-petorik bada, hori Jose Luis Elkoro da, Elgetan jaio, Bergaran bizi eta Antzuolan lan egin baitzuen. Bere biografia irakurri berri dut eta txundituta utzi nau. Mikel Zubimendiren Han egon zen liburua irakurtzea Euskal Herriaren azken mendeko historia ezagutzea izan da. Guztiona den historia da Jose Luisena, pluralean hitz egiten baitu: "Guk egin genuen".
Bera han egon zen: Alkateen Mugimendua gidatzen, ikurrina legeztatzen, amnistia gauzatzen, bitartekari lanetan… Beti Euskal Herriaren alde, alderdikeria guztien gainetik abertzaleen batasuna egingarria dela erakutsiz.
Bera erosten saiatu ziren arren, bere printzipioei eutsi zien, duintasunik galdu gabe. Ez zioten barkatu zuzentasun politiko hori, eta bera hiltzen saiatzeaz gain, kartzelan sartu zuten. Martuteneko kartzelan ezagutu nuen Jose Luis. Ordura arte Elayko nagusi bezala ikusten nuenaren atzean zegoen pertsona ezagutu nuen bertan: gertukoa, zintzoa, goitik beherako pertsona. Patioko orduetan, begiak dirdiraka kontatzen zizkidan bere "kreatura kuttuna" den Elayren kontuak.
Jose Luisek Antzuolan egin duena ez baita makala. Elayk eta Balzersek herrian sortu eta sortzen duten aberastasunaz gain, Antzuola euskalgintzaren erreferente bihurtu du. Txikitan euskaraz egiteagatik makilakadak jaso zituen horrek Euskal Herriari erakutsi dio euskara hutsean lan egin daitekeela.
Horregatik guztiagatik, laster, merezitako aitortza jasoko du Antzuolan, bere bizi proiektua martxan jarri zuen herrian. "Han egon zen" baino gehiago, antzuolarrok harro esango dugu: "Hemen egon zen".