Ospatzetik, gogoratzera

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Olabarria Irizar 2018ko mar. 16a, 14:00

Villanueva de Vergara hiribilduaren 750. urteurrenaren harira, urrian artikulua idatzi nuen Puntua-n.

Han adierazi nuen ez zitzaidala ondo iruditzen Gaztelaren konkistaren parte izan zen hiribilduen sorrera ospatzea.

Bergarako Udalaren webgunean "urteurren esanguratsu hori merezi duen bezala ospatzeko" irakur zitekeen eta ospatzeko hitzaren ordez gogorarazteko jarri dute orain. Txalotzeko aldaketa; aurten ospakizunik ez izatea espero dut, beraz.

Urteurrenak historia ezagutzeko aukera eskaintzen duela ere aipatu nuen, eta gustura irakurri dut Bergarako historia laburbiltzen duen liburu argitaratu berria. Bertan mugarri garrantzitsuenak jasotzen dira eta garbi gelditu da Bergara ez zela 1268an sortu. Urte hartan, ibaiaren eskuinaldea den Ariznoari Villanueva de Vergara izendapena eman zion Gaztelako erregeak. Handik 80 urtera, ibaiaren ezkerraldea den Oxirondok bat egin zuen Villanueva de Vergara-rekin, eta aurrerago batu zen orduan Uzarraga deitzen zen Antzuola ere. 

Dena dela, liburuak ez ditu batura honen tirabirak zehazten. Udalean hiru herriek heren banako ordezkaritza izan arren, alkatea eta eskribaua beti Ariznoakoak ziren. Gatazka asko eragin zituen honek eta 1629an Antzuolak independentzia bereganatu zuen orduko erregeari zilarrezko 5.000 dukat ordainduta.

Oxirondok ere aske izan nahi, eta erregeari 4.400 dukat eskaini zizkion, baina Ariznoak lezioa ikasia zuen Antzuolaren galerarekin eta beste horrenbeste eskaini zuen. Azken eskaintza: Oxirondok 6.000 dukat eta Ariznoak beste horrenbeste. Ondorioz, 1631ko ekainaren 14an behin betiko ukatu zitzaion independentzia Oxirondori.

Dirua xahutu eta haserreak eragiteaz gain, ondorioak izan zituen honek; ez al da arraroa, adibidez, Santa Marina inguruan alde zahar edo erdigune historikorik ez egotea?

Oxirondok garbi erakusten du, beste behin ere; burujabe ez den herriak ez du etorkizunik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak