Hil ondoren zer?

Erabiltzailearen aurpegia Patxi Olabarria Irizar 2016ko ots. 12a, 00:00

Inoiz pentsatu al duzu munduan kasualitate hutsez gaudela?

Egin ezazu zure arbola genealogikoa eta zer pentsatua emango dizu: zure gurasoek elkar ezagutu izan ez balute, zure bi amonek zure bi aitonak ezagutu izan ez balituzte, zure lau birramonek zure lau birraitonak ezagutu izan ez balituzte… ez zinateke existituko. Gainera, zure arbasoen bikotekide bakoitzeko, justu espermatozoide eta obulu konkretu bana elkartu behar izan ziren zu momentu honetan artikulu hau irakurtzen egon ahal izateko. Bilioika bilioi konbinazioren emaitza gara, beraz. 

Aste honetan garizuman sartu berri gara, eta eliza katolikoak Jesusen heriotza eta piztuera ospatuko du. Elizak heriotzaren eta piztueraren misterio hori erabili izan du historian zehar bere indarrari eusteko. Inork ez omen daki heriotzaren ondoren zer izango den, baina egia al da ez dakigunik? 

Ariketa erraz bat planteatuko dizut: jarri pentsatzen Elhuyar anaiek wolframioa deskubritu zutenean non zeunden, edo Gaztelak gure herria konkistatu zuenean, edo Harri Aroan, edo Homo sapiens sortu zenean, edo Big-Banga izan zenean, edo duela infinitu urte… Oraindik jaio gabe zeunden, baina zer da jaio gabe egotea? Bizirik ez egotea ez al da hilda egotea? Ondorioz, badakigu zer den hilda egotea.

Eternitate bat pasatu da gu mundura etorri aurretik; beste eternitate bat pasatuko da gu mundutik joaten garenetik. Gizakiak betidanik galdetu izan du: hil ondoren zer datorkigu? Badakigu erantzuna: jaio aurretik ezagutu genuen eternitate bera izango dugu hil ondoren.

Antzuolako hilerriko atearen alde baten Como te veo me vi jartzen du eta beste aldean Como me ves te verás. Zer pentsatua ematen dute bi esaldi hauek. Hala ere, uste dut bizidunok beste esaldi bat jarri beharko genukeela: Nire burua ikusi nuen bezala ikusiko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak