Etorkinen multzoa pentsatu genuena baino anitzagoa zen, behar desberdinak geneuzkan eta hasiera baten marraztu genuen bideak ez zuen balio gehienen beharrak asetzeko. 2013an, bertako hiru emakume gurekin hasi ziren lanean eta elkartea jaio zen. Gure helburua honako hau zen: guneak zein ekintza aproposak sortzea, etorkinen eta bertakoen arteko harremanak gertatu ahal izateko.
Ortua martxan jarri genuen eta eskulanak egiten genituen. Giro ezin hobea sortzen zen elkartzen ginen bakoitzean. Baina, gure hiru bertakoek ezin, etorkinok bakarrik parte hartzen genuen tailer hauetan. Eta, gainera, bazterkerian etorkinok baino jende gehiago zegoela konturatu ginen. Berriro ere marraztutakoak ez zuen balio.
Berrasmatzera
Gure eremua bazterkeria arriskuan daudenentzako zabaldu genuen. Ortuaz eta eskulanez aparte, joskintza eta muralak egiten hasi ginen eta urtean behin bazkari multikulturala ere bai, denok elkartzeko. Gure lan egiteko era zaintzea erabaki genuen; izan ere, harreman berriak gertatu ahal izateko, bazterkeria arriskuan daudenek egoera horretan ez daudenekin topo egin behar dute. Horregatik, deialdiak ahalik eta herritar gehienengana helarazten saiatzen ginen. Muralen kasuan, beti herriko beste elkarte batekin batera egiten dugu, eta oso era parte-hartzailean. Joskintzak indar asko hartu zuen. Arratsaldeetan oso talde anitzak zeuden: bertakoak, kanpotarrak, gizonak, emakumeak, euskaldunak, erdaldunak… Oso giro lasaian beraien arteko harremanetan josten ikasten. Goizetan langabeen talde bat zegoen eta oso argi ikusten zen josten ikastearekin batera ahalduntzen zihoazela. Nork bere konponketak egitetik kanporakoak egitera pasatu gura zuten. Eta ahalduntze prozesu horri erantzuteko, 2015ean bi aktibitate ekonomikoren alta eman genuen: konponketak eta jantzigintza. Poliki-poliki, ortuak eta eskulanek indarra galdu zuten eta joskintza tailer bihurtu zen 2017an Udalak itxitako lokala. Baina, berriz ere, marraztutakoa ez zen nahikoa, laukitik kanpo marrazten genbiltzan. Gure jarduerak marko berri bat behar zuen. Honaino, lan boluntarioekin aurre egin genion: tailerrak, kontuak, antolakuntza… Argi zegoen elkarteak beste dimentsio bat zeukala, eta adituak behar genituen hainbat arlotan.
Saltoa eman genuen. Azkenengo hiru urteetan sei mural egin ziren, joskintza eta kakorratz tailerrak eman ziren. Urtean zehar ehun bat pertsona pasatzen dira elkartetik eta argi eta garbi esan dezakegu harreman berriak sortzen direla: euskaldunen eta erdaldunen artean, etorkinen eta bertakoen artean, emakumeen eta gizonen artean, adin desberdinetakoen artean… Aretxabaletan bizi, baina ezagutu ez. Guhaziakgarakek inguru goxo baten elkar ezagutzeko aukera ematen du. Joskintza tailerrak fakturazio nahikoa ateratzen du lanak egiten dituztenei ordaindu ahal izateko. Dena dela, berriro ere, marraztutako laukia txiki gelditu da. Izan ere, lana ez da konstantea eta horrek asko mugatzen ditu lan baldintzak. Hori gutxi balitz, lan hori egitea gura dugun pertsonek ez daukate nahikoa formakuntza era autonomoan lan egiteko.
Bidelaguntza berria
Baina momentu honetan ez gaude bakarrik! D2030 egitasmoak eman digu aukera gure proiektua birplanteatzeko. Gaur egun, inklusio soziolaborala modu integralean landu beharreko erronka dela ikusten dugu. Horregatik, orain, Guhaziakgarak-ek eskaintzen duen zerbitzua hiru ardatz dituen proiektu bihurtu nahi dugu.
Lehenengoa da, soziala: Debagoien mailan bazterketa arriskuan dauden pertsonen eta ez daudenen arteko topaketa-guneak sortu. Horretarako, bi bide aurreikusten ditugu: alde batetik, aisialdirako tailerrak: muralismoa, joskintza, kakorratza, beste jarduera batzuen artean. Bestetik, aitortza eta sentsibilizazio saioak.
Bigarrena, formakuntzarena: elkartearen esperientzian oinarrituta, Lanbide Heziketa lan mundurako urratsak egiteko ezinbestekoa dela ikusten dugu. Horregatik, urrats bat gehiago egin eta bailaran ehungintzaren arloan prestakuntza profesionala jaso ahal izateko bidea lortu nahi dugu.
Eta hirugarrena, lana. Gaur egun garatzen diren jarduera ekonomikoen negozio proiektua lantzea, gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonentzako enplegua sortzeko.
Hau da datorren urte eta erdirako marraztu duguna. Bidean gaude, akats asko egin ditugu eta, seguruenik, egingo ditugu. Hemen gaude eta batera jarraituko dugu, eraldaketa sozialaren alde lan egiten.