Ongi etorri, Mamadu

Uztailaren 10a emozio eta pozez beteriko eguna izan zen: Aita Mari itsasontzia Pasai Donibaneko portura iritsi zen.

Nire lagun Mamadu ere bertan zegoen. Duela urtebete baino gehiago bere herrialdeko, Ginea Konakryko, indarkeria eta miseriatik ihes egin zuen migratzaile gaztea. Marinelekin eta kapitainarekin egon zen, eta itsasontzia barrutik ezagutu zuen.

Horren ondoren, Mamaduk eta biok Zumaian bazkaldu genuen, eta Jose Maria Zubia Aita Mari-ren istorioa ezagutu zuen. Zumaiako itsasgizonak, naufragio batean laguntzen zebilela, bizia galdu zuen, eta Aita Mari itsasontziak bere izena darama.

Mamadu Dalhi 21 urteko mutiko gazteak oinez egin zuen bidaia, Mali, Aljeria eta Maroko pausoz pauso zeharkatuz, 06:00etatik 22:00ak arte saio luzeak eginez. Mendian barrena ibiltzen zen, gobernuak gutxiago kontrolatzen zuen tokietan. 11 hilabete igaro zituen horrela, egunsentian Marokora itsasora salto egin zuen arte. Almeriako kostaldean Gurutze Gorriaren itsasontzi batek hartu zuen. Honi esker, zorionez, penintsulara iritsi zen.

Egunero gogor borrokatzen jarraituko duela dio. Ikasketak burutu eta prestakuntza profesional batean murgiltzea da bere helburu nagusia. Mutil jakintsua da, eta bere berezitasunetik baliozko gauza asko erakutsiko digu.

Mamaduren bidaiak eta Aita Mari eta Alan Kurdi itsasontzien bidaiek geroz eta antzekotasun handiagoa dute. Duela gutxi jakin dugu Greziako kostaldeko guardiek etorkinez betetako hainbat gomazko ontzi atzeman dituztela Egeon, eta itsasontziak eta motorrak kaltetu, indargabetu eta itsaso erdian utzi dituztela. Halaber, Europako gobernuek Aita Mari eta Alan Kurdi itsasontziak blokeatu dituzte, eta zigor desproportzionatuak ezarri. Uztailaren 21ean, Oceans Vikings erreskate humanitariotarako itsasontzi norvegiarra ere erretenitu egin zuen, Sizilian, Italiako Kostaldeko Guardiak.

Mamadu eta erreskate itsasontzi humanitarioak balio handiko arrazoiengatik borrokatzen dira: duintasuna eta bizitzeko eskubidea. Eta zaila da ulertzea zergatik Europako agintariek kausa humanitario bati trabak jartzen dizkioten.

Espero dugu laster ikustea Aita Mari eta besteak beren misioetan libre.

No vandons jamais notre dignite; horixe dio Mamaduren Whatsappeko profilak. Aurrera Aita Mari eta besteak. Ongi etorri, Mamadu.

----------

Pello Martin Gorrotxategi

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak