Gogoan dut behin enpresa batentzat lan egiten zuen garraiolari bati, era inozoan galdetu niola ea nola zihoan negozioa, eta bere erantzuna oso baliagarria izan nuen enpresa berak eman zidan finantza egoerari buruzko txostena kontrastatzeko.
Beste indize bat, hiri handietako villamiserietan sortzen diren giza mugimenduena da, non kasu askotan eskuratu dezaketen bakarra telefono mugikorra den, giza harremanetarako tresna aparta.
Beste bat, oso bitxia gainera, Japonian ikus dezakegu: parafarmazietan eta antzerako komertzioetan umeentzako baino helduentzako fardel gehiago saltzen omen dituzte, hori baita jaiotze tasa txikienetarikoa duen herrialdea, eta jendarte zaharrena, aldi berean; eta, horrela, etengabean egon gaitezke indizeak aipatzen.
Eta gogoeta horien harira burura datorkit –zergatik izango da?– Bergarako gune batzuk ze zikin gelditzen diren ordu jakin batzuetan: paperak, plastikoak, azalak, ogitarteko ederrak izandakoen hondarrak eta abar kaleetako espaloietan sakabanatuta; eta ez da egoera hori salatzen dudan lehenengo aldia, tristuraz, kultura eza erakusten duen indizea, alegia.
Ez noa dagokionari esatera, nahiz eta oso argi dudan nori dagokion; ez, indizeak duen garrantzia aipatu besterik ez dut nahi.