Hala ere, bere aldeko apustua egin genuen, euskaldundu, demokratizatu eta pedagogikoki aldatzeko. Errebindikazio mugimendu bat sortu eta sendotzen joan ginen eta, profesionalki formatuz, eredu pedagogiko berriak eraikitzen. Denon arteko lanari esker, gauzak asko aldatu ziren. Baina berrogei urteren bueltan kezkatzen nauten gauzak ikusten dihardut: hezkuntza-komunitatearen autonomia murriztu eta eskola kontrolatzeko probak egiten zaizkie ikasleei, dakigunean ez dutela balio hezkuntzaren kalitatea ebaluatu eta hobetzeko, eta ez datozela bat kontrastatutako praktika pedagogiko aurrerakoiekin.
Garai baten, eskola publikoa euskalduna ez zela-eta askok ez zituzten seme-alabak bertara eramaten. Euskaldundu zen. Orain, mamua etorkinak dira, asko omen daude eskola publikoan; nola eraman gure umeak? Hezkuntza arduradunek aspalditik dute honen berri, baina ez dute hartu hezkuntza sistema berdintzaile eta bidezkoa sustatzeko beharrezko neurririk. Hezkuntzak debate sozial sakona merezi duelakoan nago, momentuko prentsa-titular interesatuetatik kanpo.