Apirilaren 7an irakurri nuen guraso batzuek 2023-2024ko ikasturteko hezkuntza matrikulazioen ondorioz haserretu eta euren iritziak eta aldarrikapenak kaleratu zituztela, eta ika-mika sortu zen.
Hasteko, esan behar dut hezkuntza eredu publikoa nahi dudala, euskalduna, laikoa, doan, inolako segregaziorik gabekoa: arraza-, sexu-, ekonomia- eta gizarte-segregaziorik gabekoa. Nolabait, aitortu beharko genuke segregazioarekin biharko euskaldunei atea ixten diegula.
Nire iritziz, gai horretan bi alde desberdin daude: bata, hezkuntza-sistema publikoa defendatzen eta bere gabeziak salatzen dituena; eta bestea, hezkuntza-eredu pribatua, elitista eta segregazionista defendatzen duena, baina garbi esaten ez duena.
Bestalde, onartu beharko genuke Madrilen egiten dituzten legeek guztiei berdin eragiten dietela; kontrakoa esatea gezurra esatea da, eta argudio horrek eta beste batzuek –hizkuntza, kultura, azalaren kolorea, erosteko ahalmena...– ez lukete balio izan behar iritzi desberdina duenari aurre egiteko.
Bi eredu artean arrakala dagoela aitortuko bagenu, beste gauza bati buruz hitz egingo genuke. Zergatik esaten dut hori? Osasunari buruz hitz egiten dugunean, gure ospitaleen egoerari buruz ari gara –gure profesionalen lan-baldintza txarrei buruz, mediku, erizain, laguntzaile eta garbitzaile faltari buruz–. Hori guztia aipatzen dugunean, ez dugu hitz egiten ospitale pribatuen gainean. Beraz, zergatik ez dugu berdin jokatzen hezkuntzarekin?
Eredu publikoa defendatzen duen inori ez diot entzun ikastetxe pribatuak itxi behar direnik, baina eredu pribatuaren defendatzaileei entzun diet ikastetxe horiek diru publikoarekin finantzatzen jarraitu behar dutela.
Bukatzeko, diru publikoa jasotzen jarraitu nahi duenak publikoa izateko aukera dauka; bestela, enpresa pribatu arrunt gisa funtzionatu beharko du, eta kito.
Oharra: gai horrekin lotuta 2022ko martxoan idatzi nuen gutuna hemen: https://labur.eus/0cbPl.
----------
Piter Encinas
Arrasate