Erraustegirik ez, ez hemen ez inon

Erabiltzailearen aurpegia Piter Encinas 2022ko eka. 23a, 08:22

Argi zegoen Zaldibarko zabortegiaren gertaera latzaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak irtenbide bat eman behar ziela hondakin industrialei. Baina enpresak euren hondakin industrialak murriztera behartu beharrean, berriro ere EAJk eta Eusko Jaurlaritzak euren sintonia eskasa azaldu dute hondakin guztien murrizketa, berrerabilpen eta birziklapen ideiekin, industrialak edo urbanoak izan. Horren adibide, Valogreene enpresari esleitu diote Bergarako Larramendi industrialdean ezarriko litzatekeen erraustegiaren proiektua.

Bergarako HAPO bera betetzen ez duen egitasmoari 3 milioi euro bideratuko dizkio Eusko Jaurlaritzak. Enpresak Udalean aurkezten duen eskaera industria lizentzia da, baina hondakinen tratamendua, berez, ez da aktibitate industrial. Horrek guztiak, ordea, bost axola dio Eusko Jaurlaritzari, haren arazoa baita zein irtenbide eman 155.060 tona hondakin industriali; baserri baten ondoan, auzo batetik gertu eta Bergarako hirigunetik kilometro batera erreko badira ere.

Horrek ekarriko lukeen kutsadura ez da gutxiesteko modukoa; izan ere, urtero milaka tona ke eta ur kutsatu jaurtiko ditu; eta horrekin batera, era guztietako toxina eta metal astunak; esaterako, furanoak, dioxinak, merkurioa, beruna, sufre dioxidoa eta abar.

Eta hau gutxi balitz, Tapia legea asmatzen dute udalerriei euren lurren gaineko erabakitze ahalmena lapurtzeko, herritarren nahien, erabakien eta beharren gainetik enpresa kutsakor eta kaltegarrien interesak hobesteko.

Debagoieneko Alternatibak horrelako egitasmo suntsitzaileak eta herritarren osasun zein ingurumenaren kalterako diren proiektuak borrokatuko ditu. Era guztietako hondakinen murrizketa da bidea, eta ingurumenaren zein pertsonen kalterako ez diren hondakinen tratamenduak bultzatu behar dira.

Igandean Bergaran egingo den manifestazioak horrelako proiektu suntsitzaileak gerarazteko beste urrats bat izan behar du.

----------

Piter Encinas

Debagoieneko Alternatiba

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak