Nolako hezkuntza nahi dugu?

Erabiltzailearen aurpegia Piter Encinas 2022ko mar. 22a, 09:16

Norbanako eta erakunde batzuk oso kezkatuta gaude gaur egun dagoen hezkuntzari buruzko eztabaidarekin eta gure gainera datozkigun ondorioengatik. Nolabait, gai hau oso "kutsatuta" dago argudio oso desberdinak daudelako, zifra faltsuak direlako, interes ekonomikoek interes orokorrak gainditzen dituztelako, eta batzuek ekitaldi ekonomikoei lehentasun gehiago ematen diete akademikoei baino, gainera, prestakuntza aldetik nola irteten diren gure gazteak kontuan hartu gabe.

Zer da HEZKUNTZA hitz larrietan? Oso nabarmena da: nori galdetzen diogun halako erantzuna jasoko dugu. Nire uste apalean, etorkizuneko pertsonen prestakuntza da, eta hori ezin da oinarritu ikasgai batzuen memorizazioan. Horren ondorioz, nor dagoen prestatuta eta nor ez erabakitzea ere bada hezkuntza. Horrexegatik, Paulo Freirek esaten duena nire egiten dut: "La educación no cambia el mundo, cambia a las personas que van a cambiar el mundo.

Begi-bistakoa denez, bi errealitate desberdinen aurrean gaude: hezkuntza publikoa eta pribatua. Lehena da edo izan beharko litzateke pertsona guztientzako eskubide bat, doanekoa eta kalitatezkoa. Bigarrena, ordea, hautazkoa da, edo nire garaian esaten zena: "Hori aberatsentzat da". Badakit puntu honetan "hatzamarra sartzen dudala", milaka pertsona gara "herri baliabide guztiak herri zerbitzuentzat" aldarrikatzen dugunok, helburu batekin: herri zerbitzuak hobe ditzagun, lan baldintzak, bitartekoak, garraioa, jantokiak, ratioa gutxitzea, etab. Eta norbaitek bere seme-alabak eskola pribatuetara eraman nahi baditu, bere poltsikotik ordain dezala; argi eta garbi, esaten dudanaz zalantzarik egon ez dadin. Ni ez nago ikastetxe pribatuak ixtearen alde, ni ikastetxe horiek herri diruarekin finantzatzearen aurka nago.

Gai osoa ulertu nahi badugu, agian, geure buruari galdetu beharko genioke ea zer egin beharko genukeen pieza txikiekin. Adibidez, non kokatzen dugu eredu pribatua? Nire iritziz, galdera hori oso zuzena da; azken finean, ez dugu bakarrik pribatuari buruz hitz egiten, baizik eta publikoari buruz ere hitz egiten dugu. Beraz, non kokatzen dugu eredu pribatua? Ba, publikoa ailegatzen ez den lekuan, hau da, guk ordaintzen dugu, guk ipintzen ditugu baldintzak, eta ez badute nahi, ez daude herri dirua jasotzera behartuta. Eredu pribatua ezin dugu ulertu eta onartu publikoaren ordezko gisa, eta, nire iritziz, hori da gaur egun gertatzen dena; eredu publikoa baliabide beharrean dagoen bitartean, erakunde publikoek hezkuntza pribatua diruztatzen dute.

Ni ezkertiarra naiz, eta uste dut ezkerraren diskurtsoa eta praktika garbiak izan behar direla, eta gure helburu nagusia gaizki dagoena hobetzea izan beharko litzateke. Zentro batzuek ez dute betetzen legea; beraz, gu ezin gara konplize bihurtu edo izan. 

Legeaz ari garela, azken 42 urteetan 8 hezkuntza-erreforma egon dira, eta azken boladan pil-pilean dago Euskadin mailan eta Legebiltzarreko gehiengoarekin beste lege berri bat egitea. Beno, ondo dago, baina ezjakintasunetik galdetzen dut: zertarako? Gaur egun daukaguna bezala, ez betetzeko? Edo kuadro polit batean ipintzeko?

Lehenago esan dut gaia kutsatuta dagoela, pertsona eta erakunde batzuek sentimenduak dizkiguten argudioak erabiltzen dituztelako, hala nola euskara eta ikastolak. Nire ahotik kexarik ez da irtengo, zergatik eta nondik sortu ziren ikastolak, baina bai esango dut denok onartu beharko genukeela 60ko edo 70eko euskararen eta ikastolaren egoera eta gaur egungoa ez direla berdinak. 2022. urtean inork ezin du esan gaur egungo euskararen jakite-maila 1960. urtekoa baino baxuagoa denik, beste kontu bat da zenbat erabiltzen den edo erabiltzen dugun.

Euskadiko hezkuntzaren portzentajea hauxe da: eredu publikoan % 51koa da; beraz, pribatuarena %49koa da. Tarte honetako gehiena erlijiosoa da, eta esan daiteke dena, edo ia-ia dena, kontzertatua dela. Zer da ikastetxe kontzertatu bat? "Juridikoki ikastetxe pribatu bat da, baina herri instituzioekin hezkuntza-akordioa dauka eskubide eta betebeharrei dagokienez", kasu askotan betetzen ez dituzten arren; batez ere, segregazio desberdinei dagokienez, kulturalak, erlijiokoak, sozialak, nazionalak, sexualak etab. Eta hezkuntza-inklusioari dagokionez. Hezkuntza-inklusioa da pertsona guztiei baldintza beretan hezkuntza jasotzeko eskubidea bermatzen dion eredua, pertsona edozein dela ere.

Esaten dudanean ikastetxe horiek legea ez dutela betetzen, ez dut nik asmatutakoa esaten, eta diodana frogatzeko bi adibide jarriko ditut; gainera, jende askok ezagutzen dituenak:

-Lehena, kuoten gaia, legez kanpokoa, baina egiten dutena. Instituzioek "zigortzeko" edo debekatzeko boterea duten arren, beste alde batera begiratzen dugu –plurala erabiltzen dut, geu ere instituzioetan gaudelako–. Beraz, konplize bihurtzen gara, ez dugulako legea betearazten, enpresa pribatu bati mesede egiten diogulako eta herritartasunaren tarte bat kaltetzen dugulako. Hori onartezina da.

-Nire iritziz, bigarren puntua larriagoa da, lehenago aipatu ditudanak, segregazioak eta esklusioak, beste hitz batzuekin hobeto azal daitezke, adibidez: segregaziokeriak, esklusiokeriak, bazterkeriak. Non dago pertsona guztientzako hezkuntza libre eta doakorako eskubidea? Esan beharra al dago horiek direla arrazismorantz lehen urratsak? Esan beharra al dago praktika honekin ghetismoa eta klasismoa sustatzen ditugula? Klasismoa: beste klase sozial, arraza, erlijio eta abarretako kide izateagatik diskriminazioa defendatzen dutenen jarrera. Balio horiek ez dituzte sustatzen ikastetxe erlijiosoek bakarrik, baizik eta ikastola batzuek ere sustatzen dituzte. Bizi garen lekutik oso hurbil gertatzen ari da, ikusteko begiak ireki behar ditugu, modu inpartzial eta bidezkoan. Bestalde, ez dugu ahaztu behar herri baliabideak jasotzen ari direla. Onartezina.

Orokorrean, datuak oso hotzak eta aspergarriak dira, baina nire gutunari argudio gehiago emateko, besteak beste, esan behar dut: ikasleenak direla, hezkuntza-maila desberdinetakoak, D eredukoak eta Euskadi mailakoak direla; beraz, hauexek dira datuak:

Haur Hezkuntza ............................... Publikoa - % 64,2  da.    Pribatua - % 35,7 da.

Lehen hezkuntza ............................. Publikoa - % 67,5  da.    Pribatua - % 32,4 da.

Derrigorrezko bigarren hezkuntza .. Publikoa – % 65,1 da.    Pribatua - % 34,8 da.

Oinarrizko hezkuntza .....................  Publikoa - % 65,8  da.   Pribatua -  % 34,1 da.

Batxilergoa .......................................  Publikoa - % 63,8  da.   Pribatua -  % 36,1 da.

(Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ikasturteko 2021-22ko datuak)

Datu horiek ikusita, batzuek D eredua, euskara eta eskola publikoa hartzen dituzte, dena koktel-ontzi batean nahasten dute, eta eskola publikoaren aurka erabiltzen dute ospea kentzeko: zitala eta maltzurra da, zerbait gogorragoa ez esatearren.

Bestalde, beste gertaera bati balio handia eman nahi nioke: esan behar al da 50eko eta 60ko hamarkadetan emigratu egin behar izan zutenen ondorengook –abizen espainiarrak dauzkagunok–, herritar askok, euskaldun askok euskara hitz egiten dugula? Esan behar al da segregazioarekin biharko euskaldunei ateak ixten dizkiegula? Berriro esango dut: ilegalizazio horiek egiten dituztenak ikastetxe pribatuak dira, ikastolak barne.

1990. urtean ikastolak publifikatzeko eztabaida asko sortu ziren, eta 1993. urtean % 50ek horren alde egin zuen. Gaur egun, ikastolak hezkuntza-arkuaren %15 dira. Nahiz eta hemen, Arrasaten, beste errealitate bat daukagun, eta ez da arruntena.

Oso nabarmena da hobetzeko geratzen zaiguna asko dela, baina, nire ustez, ez da gaizki egongo: nori eman nahi diogu lehentasuna, publikoari edo pribatuari? Nolako legea nahi dugu eta zertarako? Zeintzuk izan nahi ditugu gure bidaia-lagunak? Urtero ikastetxe erlijiosoei milioika euro ematen dizkietenak? "Hemen ez dute balio tinta erdiek", EH Bildu barruan asko gustatzen zaidan esaera bat esaten dugu, "EH Bildu gobernatzeko eta gobernu izateko jaio gara". Guztiz bat nator esaera horrekin, baina nik gehitzen dut: "Hori lortu nahi badugu, politika desberdinarekin izan behar da, betiko politika berberarekin egiteko; hor dago EAJ".

Bukatzeko, bideo baten lotura partekatu nahi dut, oso aberasgarria da, jakina, eskola publikoaren aldekoa da:

 https://www.youtube.com/watch?v=JCv_Katd6uY 

----------

Piter Encinas

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak