Egia da klimatologiak bere zikloak dituela, baina, halere, gaur egun inor gutxik, ezta eszeptikoenak ere, uka dezake poloen urtzea benetakoa denik. Berdin basamortutzea, tenperaturaren eta prezipitazioen aldaketak... Are gehiago: baiezta dezakegu prezipitazio horiek iraunkorragoak eta gogorragoak izaten ari direla, izugarrizko kalte materialak sortuz eta giza bizitza ere kaltetuz. Gertaera horiek erakusten digute fenomeno meteorologiko kaltegarriak gero eta sarriago gertatzen direla, eta planeta honek jasaten duen klima aldaketaren ondorioa dela.
Horrez gainera, begi-bistakoa dena esan beharra daukagu: aldaketa klimatikoak klase oinarria eta oinarri periferikoa ere badauzka. Klase popularrak dira –bereziki, planetako gune esplotatuenetakoak– eraginak gehien pairatzen dituztenak, CO2 gas kopuru gutxien sortzen dutenak izanik. Herrialde txirotuenak eta, zehazki, bertako sektore sozialki ahulberenak aberatsen plater hautsiak ordaintzen dituzte.
Fenomeno meteorologiko hauen adibide batzuk:
-2019. urtean, Idai zikloiak Zimbabwe, Malawi eta Mozambike herriak suntsitu zituen. Ehun pertsona baino gehiago hil ziren, eta, soroak eta azpiegiturak suntsituta geratu zirenez, milioika pertsona jatekorik gabe eta oinarrizko zerbitzurik gabe geratu zen, milaka familia migrazio klimatikora kondenatuz.
-Afrikako Adarra deiturikoan, hau da, 115 milioi pertsona inguru bizi diren Somalia, Yibuti, Eritrea eta Etiopia inguruetan, lehorte luze eta errepikatuen ondorioz milaka pertsona hiltzen dira urtero. 2011. urtean gertatutako lehortean, 260.000 pertsona baino gehiago hil ziren. UNHCR-ACNUR erakundeak dioenez, 944.000 umek baino gehiagok desnutrizio akutua jasaten dute eta 808.000 pertsona baino gehiago beste herrialde batzuetan errefuxiatuta daude.
* Asiako hegoaldean oso ohikoa dira montzoiak; berez, urtean bitan gertatzen dira, baina gaur egun eragiten ari diren kalteak era larrian hazi dira. Adibide gisa, 2018. urtean gertatu zena, batez ere, Indian, Nepalen eta Bangladeshen, non 1.500.000 etxebizitza baino gehiago hondatuta geratu eta 1.200 pertsona hil ziren. Hurrengo urtean ere ehunka pertsona hil edo desagertu ziren. Iaz, berriz, 200 pertsona baino gehiago hil eta milioi bat pertsona baino gehiago isolatuta geratu ziren, leku altuenak bilatzen ari zirela.
Montzoi horiek sortzen dituzten beste kalte batzuk hauexek dira: edateko ura bideratzeko eta biltegiratzeko azpiegiturak suntsitzea, eta, horren ondorioz, bizirik geratzen diren pertsonak koleraz, disenteriaz, eta abarrez gaixotzeko arriskuan egotea.
-El Niño izenez ezagutzen dugun fenomeno meteorologikoak Amerika erdialdean uzten du arrastoa, lehorteak eraginez. Baina orain dela urte batzuk ohikoa hiru hilabeteko lehorraldiak eragitea bazen, gaur egun, eta aldaketa klimatikoaren ondorioz, lehorraldi horiek sei hilabete irautera iristen dira. Eskualde horretako herri pobreetan –Guatemalan, Hondurasen, El Salvadorren, Nikaraguan...– biztanleriaren bizi-iraupen ekonomia nekazaritzan oinarritzen da, nagusiki, eta faktore horri biztanle kopurua, autokontsumozko nekazaritza eta lehorteak gehituz gero, emaitza hondamendi sozial eta ekologikoa da.
Zientzialari batzuek baieztatzen dute munduko leku batean egiten denaren ondorioa planetako beste leku batean ager daitekeela aurrerago –Tximeleta efektua–. Esate baterako, Alemanian eta Belgikan gertatu diren uholdeak aurreikus zitezkeela lehenago planetaren beste aldean gertatutako lehorteen eta beroaldi luzeen ondoren. Ziur aski, etorkizun hurbilean horrelako fenomeno bitxiak gero eta ohikoagak izango dira. Oso nabarmena da klima aldatzen ari dela. Eta, adibide garbia: esaterako, non daude gure zirimiriz jositako denboraldiak?
Suteen areagotzeak ere lekua merezi du gutun honetan. Ez soilik naturari eta basatiei eragiten dieten kalteagatik edota sortzen duten CO2 gasagatik. Izan ere, sute batzuk klima aldaketagatik gertatzen dira; hau da, euri faltagatik, elkortasunagatik... Eta basoak erretzerakoan askotariko kalteak sortzen dituzte, basoek hezetasuna mantentzen dutelako eta, orobat, karbono dioxido xurgatu, oxigenoa sortu, lurra ongarritu...
Suteen %4 arrazoi naturalengatik izaten dira –tximistengatik, sumendiak...–. %16ren arrazoiak ez dira zehatz-mehatz ezagutzen, baina beste %80ak gizakiok sortzen ditugu. Horietatik heren bat arduragabekeriagatik izaten dira; hau da, uztondoak erretzeagatik –debekatuta egon beharko lukeen jarduera– zigarrokinak piztuta botatzeagatik, nekazaritzako makinengatik, eta abar. Eta beste bi herenak nahita izaten dira; alegia, interes ekonomikoagatik, lurra birkalifikatzeko, abeltzaintzarako eta nekazaritzarako eremua gehitzeko, lursail eraikigarria izateko, eta abar.
Suteei buruz era zabalagoan hitz egiteko hiru adibide jarri ditzakegu:
1-Australian gertatu zen suteak ia urtebete iraun zuen, 2019ko ekainetik 2020ko maiatzera arte, eta jatorri naturala izan zuen, Indiako Ozeanoaren Dipoloak edo Indiako Haurra delakoak eragin baitzuen. Baina, era berean, esan behar dugu desastrea gertatu aurretik lehorte eta beroaldi luzea izan zirela, eta horrek ekarri zuela sutea hain bortitza izatea. Bestalde, Indiako El Niño-ren eta klima aldaketaren beste ondorio bat Koral hesi handiko uren berotzea da; haren heriotza eragiten ari da.
2-Areagotzen ari diren Kaliforniako suteen %97 nahita izaten dira, gizakiok sortutakoak. Gainera, zona horretan udak gero eta luzeagoak eta lehorteagoak dira, eta, neguak, aldiz, gero eta lehorragoak; hala, suteak hedatzeko baldintzak handitu egiten dira.
3-Amazonia erretzen ari da. Brasilgo presidenteak, Jair Bolsonarok, kontrakoa esaten duen arren, suteek jarraitzen dute. Zorionez, bere gezurrei aurre egiteko sateliteak daude, eta haien argazkiak ere bai. Amazoniaren, munduko bigarren birika deiturikoaren, kasua oso berezia da. Alde batetik, Amazonian erretzen duten eremua gero eta handiago da, eta, bestetik, lurra oso ahul dagoenez, oso erraz higatzen da eta bi uztaldiren ondoren lurrak emankorra izateari uzten dio.
Kokatu gaitezen; funtsezkoa iruditzen zaigu aipatzea zeintzuk diren CO2 gehien sortzen duten herrialdeak: Txina, AEB, India eta Errusia, hurrenez hurren. Baina sailkapen horri azalpen bat falta zaio, eta, gure iritziz, beharrezkoa da esatea. Txinak AEBek halako bi CO2 gas kopuru sortzen duen arren, AEBek baino lau aldiz biztanle gehiago ditu.
Gai honetan beste zerrenda bat dago, biztanleko CO2 gehien isurtzen dutenen zerrenda: Katar, Kuwait eta Saudi Arabia, hurrenez hurren. Zerrenda horren berezitasunak hauexek dira: alde batetik, petrolio ekoizle handiak direla; eta, beste alde batetik, ez direla biztanle askoko herrialdeak eta ezberdintasun sozial eta giza eskubideen urraketa maila oso altuak dira.
Orain dela gutxi, abuztuaren 9an, IPCC erakundeak (Klima Aldaketari buruzko Gobernu arteko Erakundea) azken txostena argitaratu zuen eta ondorio batera iritsi zen: "Ez dago inolako zalantzarik erregai fosilak erretzearen giza jarduerak eragiten dituela berotegi-efektuko gasen isuriak, atmosferako beroa harrapatzen duelako eta, ondorioz, planetako tenperatura handitzen duelako".
Planetaren berotasun efektua zein bere ondorioak ez dira pronostikoak edo iritziak. Gaur egun esan dezakegu –zoritxarrez– errealitate bat dela, eta, ez da hori bakarrik, baizik eta, zantzu guztien arabera, gero eta larriagoak izango direla eta bere ondorioak ere bai.
Aditu batzuk ausartzen dira esatera tenperatura bi, hiru edo lau gradu igoko dela. Gu ez gara ausazko jokoetako jokalariak, esaten duguna da egoera oso larria dela, gizakiok egoera hori sortzen dugula, planetaren bizitza arriskuan jartzen dugula eta gure eskuetan dagoela soluzioak ipintzea.
Gure planeta klima aldaketari aurre egiteko lasterketa batean dago, baina gizakiok gara ekoizpen eredua era erradikalean eraldatu behar dugunak CO2 gas isurketak murriztu nahi baditugu. Aldaketa klimatikoek esaten digute gero eta denbora gutxiago geratzen zaigula. Gure planetan biziaren jasangarritasuna kolokan jartzen duen zibilizazioaren krisi honetiko irteera ezingo da eguneko jazarpen logiketatik eratorri. Ezingo da sozialki bidegabea, patriarkala edo kolonialista izan. Azpikook izan beharko dugu, klase popular internazionalak, sistema eraldatzeko antolatu eta borrokatu behar dugunak. Ez soilik printzipio moralak behartuta, Lur planetan gizakion biziraupenaren funts bezala baizik.
Tik, tak, tik, tak...
----------
Piter Encinas eta Igor Urizar
Arrasateko Ekologistak Martxan taldeko kideak
Arrasate