Oso nabarmena da Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) eta, batez ere, 5G zabaltzeak ekologikoki eta, batik bat, osasunarentzat arazo larriak sortzen dituela. Era berean, gizarteak eta politikariek batzuon kexak eta zalantzak onartu beharko lituzkete eta, halaber, arduraz aztertu zabaldu aurretik.
Gaur egun esaten digute 5G zabaltzea “ezinbestekoa” dela. Propaganda hori neurri batean eta orokorrean onartzen dugu, zalantzan jarri gabe, eta nik uste dut iritzi guztiak kritikatu beharko liratekeela. Gizarteak pentsatzen du gailu, konexio, potentzia eta estaldura gehiago badauka bere onerako dela. Hori guztia, baina, ez da aurrerapena, eta, are gutxiago, aurrerapen soziala. Uste dut gizarte batek ulertu beharko lukeela erabaki tekniko, politiko edota ekonomiko baten atzean zerbait dagoela, erabaki horiek ez direlako inpartzialak, neutralak, erabaki hauen atzean interesak baitaude.
5G ezartzea ez da beharrezkoa, ez da arrazionala; horrexegatik, gure kritikak kaleratu behar ditugu. Gutxienez, jakinarazi behar dugu ez gaudela ados erabaki horrekin. Zergatik ez dago aukerarik eztabaidatzeko erabaki batzuk hartu baino lehenago?
Nolabait, pentsatzen dut interes ekonomikoengatik gu kui huts bihurtzen gaituztela eta ziur nago hamarkada batzuk barru jakingo dugula zer kalte eragin digun EMAk. Gaur egun, Espainiako INSSk, fibromialgia arloan ikerketak egiten dituztenek esaten digute milioi eta bostehun pertsona gaixorik daudela; horietatik %90 emakumeak dira, eta sintoma gehienak hauek dira: elektrosentikortasuna, asma eta neke kronikoa.
Uste dut pertsona elektrosentikorrek jasaten dutena onartu behar dugula. Gainera, gaur egun haiei gertatzen zaiena auskalo etorkizunean zenbat biztanleri gerta lekiokeen.
Azalpen apal batean, zer da 5G? Espazioan dauden sateliteen bidez, milaka milioi objektu konektatzen dira, halaber, kutsadura elektromagnetikoa igortzeko iturriak martxan jarrita. Eta, hori guztia zertarako? Gure lanpostutik etxeko pertsianak jaitsiarazteko edo garbigailua martxan jartzeko, edo hozkailuak jogurten iraungitze dataz ohartarazteko... Jakina, gure mugikorrak erabiltzerakoan whatsapp-ak azkarrago ere bidal ditzakegu. Halere, neure buruari galdera bat egiten diot: tontakeria horiek egiteko merezi du Ama Lurra kutsatzea? Merezi du gu gaixotzea? Zertarako balio dezake ustezko liberazio horrek?
Bestalde, ez dugu ahaztu behar guk sortzen dugun informazio guztia Amazonek, Microsoftek, Applek, Foxcomek edota Googlek, enpresa oligopolio horiek kontrolatzen dutela, eta, hori gutxi ez, eta auskalo nola erabiltzen duten edo nola erabil dezaketen.
Bukatzeko, 5G ezartzearen aurka gaudenok zer eskatzen dugu? Bata, moratoria bat; eta, bestetik, teknologi berri hori neutraltasunez ondo aztertzea, jakin arte zer sor dezakeen. Alegia, onurak eta kalteak balantza batean jarri eta gero erabakiak hartzeko. Izan ere, herritarrok ezin ditugu onartu politikarien erabakiak atzerabiderik ez daukaten egintzak balira bezala.
----------
Piter Encinas
Ekologistak Martxan taldeko kidea
Arrasate