Nire ustez, ez du merezi Espainian M. Rajoyk eta PPk egin zutenari buruz hitz egiterik. Hemen, Euskadin, murrizketak egin dituzte; gure herri osasun zerbitzua munduko onenetarikoa dela pentsatzen dugu, eta ez dugu onartzen distira duen oro ez dela urrea.
Koronabirusak erakutsi digu gure herriaren osasun zerbitzua ez dela hain ona. Politikari batzuek, baita Urkullu jaunak ere, Osakidetzan lan egiten duten profesionalen gainean utzi dute ardura osoa, desastre honen arduradun zuzenak politikariak direla ohartu gabe, murrizketak egin baitituztelako.
Desastre hitza erabiltzen dut, maskarak, eskularruak, uniformeak, langileen ordutegiak.... –adibide batzuk– haien gabeziak politikariek bete beharko lituzketelako. Garbi dago egoera hau ez dela tamalgarriagoa izan Osakidetzako langileek profesionaltasun maila oso altua dutelako.
Altuago hitz egin dezaket, baina ez garbiago! Egungo gabeziak murrizketen ondorio dira, eta murrizketak gure politikariek sortu dituzte, ez espainiarrek.
Kontatu nahi dizuet iaz gertatu zen mirari bat. Sindikatu guztiek –SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK gehi Lehen Arreta Arnasberritzen plataforma– bi lanaldiko greba antolatu zuten. Sindikatuen munduan ibili garenok jakin badakigu grebak egin ditugunean horretarako arrazoiak zeudelako izan dela, eta kasu honetan, hauek ziren salatzen ziren arazoak:
* Plantillak gero eta txikiagoak dira.
* Lanaren behin-behinekotasuna.
* Zerbitzu batzuk pribatizatu zituzten.
* Gaixoaldi-bajak zigortu zituzten.
* Bajak ez zituzten ordezkatzen.
* Lanaren kargak handitu zituzten.
* Medikuarengana joateko itxaronaldia 4 egunekoa da eta, ebakuntza bat behar izanez gero, 48 egunekoa. "Datu hauek iazkoak dira, 2019ko balantzean agertzen dira". Osakidetzako Osasun Laguntzaren zuzendari Andoni Arcelayren hitzetan.
* Horren guztiaren emaitza da medikuek eta erizainek 10 minutu baino gutxiago dituztela paziente bakoitza artatzeko, 40 paziente inguru dituztela lanaldi bakoitzeko, eta administrari laguntzaile bakoitzak 100 pertsona inguru dituela. Nire ustez, horri ezin zaio "osasun zerbitzu duina" deitu.
Beste adibide bat: Debagoieneko Ospitalean ezin dute grebarik edo lan-etenaldirik egin, minimoen azpitiko plantilla delako, urtean zehar dagoen plantilla, gutxieneko zerbitzuak egokitzen dituztenean berberak dira. Horren ondorioz, bi egoera desberdin gertatzen dira: bata, zerbitzua ezin daiteke ona izan; eta bestea, non geratzen da langileen greba egiteko eskubidea?
Bukatzeko, nik uste dut edozein gizartek bi zutabe nagusi izan behar dituela: osasuna eta hezkuntza; eta bi zutabe hauei ez badie garrantzirik ematen, gizarte hori zuzengabekoa dela esan nahi du.
----------
Piter Encinas
Arrasate