Nik gogoratzen dut: EH Bildu izan zen bakarra hondakinen arazoari aurre egin ziona, gizakiok sortzen dugun arazoari. Euskadin arazo horrek egunero 3.063.223,8 kilo sorten ditu, gehi lantegietan sortzen dena. Gure aztarna ekologikoa 3/1 denez, egungo bizimoduarekin hiru Euskadi behar ditugu.
Ahanzkorrei datu batzuk gogoratu nahi dizkiet. Herri hondakinen portzentajeak: organikoarena %45; paper eta kartoiarena %22; ontzi arinena %15; eta beirarena %7. Datu hauek esaten digute errefusarena %10 eta %15 artean dagoela. Kopuru horrekin ez da ailegatzen erraustegiarentzat. Horregatik, zuek, ahanzkorrek, organikoa ez duzue birziklatu nahi eta arazo hori erraustegian, zabortegietan, ke eta errauts kutsagarrietan kokatu nahi duzue; hori da zuen soluzio magikoa. Arazo larri bat larriago bihurtzea.
Gogoratu behar dut Eusko Jaurlaritzaren jarrera Zaldibarkoa gertatu eta gero? Gogoratu behar dut gertatu baino lehenago langileek salatu zutela kontrolak nolakoak ziren? Gogoratu behar dut Jaurlaritzako Ingurumenaren sailburuordearen maila? Elena Monterok honela dio: "Zabortegi horretan gauza txiki batzuk ez dira ondo egiten". Esaldi horrek 2002ra eraman ninduen; Prestige-ren istripuaren garaian Mariano Rajoyk esan zuen: "Salen unos hilillos que parecen plastilina".
Herri dirua gastatzeari dagokionez, Gipuzkoako Aldundiak 2010ean Gipuzkoan hondakinen turismoa egiteko 2.270.000 euro gastatu zituen. Zarrastelkeriaren beste adibide bat: 6.200 milioi euro kostatuko zaigu AHTaren erokeria; %50eko gainkostuarekin, kilometro bakoitza 30 milioi euro kostatuko zaigu.
Bukatzeko, EH Bilduren ereduarekin %80 inguru birziklatzen da; ahanzkorren ereduarekin, %35 inguru.
Zein eredu nahi dugu?
----------
Piter Encinas
Arrasate