Bestalde, esan liteke desazkunde jasangarria guztiz kontrakoa dela, eta eskuindarrei ez zaie gustatzen. Bankariek, enpresari batzuek, esaten digute kobazuloetarako itzulera dela. Ez dute argudiorik, baina, zoritxarrez, badakigu difamatu eta gero beti zerbait geratzen dela, nik uste dut desazkundeak kontuan hartzen duela planetak baliabide mugatuak dituela; beraz, gizakien eta planetaren arteko orekari garrantzia ematen diola.
Betidanik egon dira glaziazio-zikloak, baina orain arte naturaren ondorio izan dira, eta gaur egungo klima aldaketa gizakiok planetari egiten diogunaren ondorio nabarmena da. Planetak karbono dioxidoa sortzen du (CO2), suteek, sumendiek, etab. Baina, era berean, planetak berak landareei eta itsasoei esker bereganatzen du; arazoak agertzen dira gizakiok oreka hori apurtzen dugunean, eta hori da gaur egun gertatzen dena, oreka naturala apurtzen dihardugu.
Adituek esaten dute mundu mailako tenperatura 1,5 gradu ez dela igo behar, bestela ekosistema guztiak, gizakion osasuna eta planetaren ongizatea kaltetuta egongo dira, meteorologia aldetik aldaketak gero eta larriagoak izango dira, ekaitzak, tanta hotzak, hotz eta bero- boladak, itsas maila igoko da, itsaslasterrak aldatuko dira eta haien ondorioekin, baita gaur egun ezagutzen ez ditugun egoerak ere.
Ez da aditu bat izan behar jakiteko zer den beroketa globala sortzen duena, CO2 igorpenak dira, eta munduko zazpi lehen igorleak hauexek dira: Txina, AEB, Europar Batasuna, India, Errusia, Japonia eta Brasil. Txinak eta AEBek munduko berotegi-efektu gasaren (BEG) heren bat sortzen dute. Datu horiek Munduko Baliabideen Institutuak (WRI) –siglak ingelesez– 2015eko uztailean argitaratu zituen.
Nazioarteko akordio garrantzitsuak aipa ditzaket, baina ez dut egingo; akordio horietan hitz egin zuten CO2-aren isurpenak gutxitzeaz, baina nire iritziz, alde batetik, porrota izan ziren, eta beste aldetik, gobernu batzuek euren aurpegia zuritzeko bakarrik balio izan zuten, edo 2015ean Trumpen gobernuak egin zuena: mahaitik jaiki zen eztabaidatu gabe.
Oso nabarmena da soluzioak badaudela, eta epe bat ere bai, baina, horretarako, konpromiso batera ailegatzeko helburua eduki behar da, gauzak ez ditugu lortzen ezer egin gabe.
Goian aipatu dudan bezala, adituek esaten dute planetaren tenperatura ez dela 1,5 gradu igo behar. Beraz, horren atzean ze soluzio dagoen? Erregai fosilak erretzeari utzi behar diogu: ikatza, egurra, gas eta petrolioaren deribatuak. Klima aldaketari buruz Adituak Gobernuarteko Taldeak (IPCC) –siglak ingelesez– gomendatzen digu: 30 urte barru ia-ia ez erretzeko erregai fosilik; horrek zer esaten digu? Epe horren barruan etxebizitza, negozio eta lantoki guztietan berogailuak ezin direla erregai fosilekin erabili.
----------
Piter Encinas
Ekologistak Martxan taldeko kidea
Arrasate