Joan zen legealdiaren hasieran Maria Ubarretxenak –Arrasateko alkatea– bere soldata igo zuen, 65.000 euro, eta legealdi berri honetan gauza berbera egin du, berriro ere bere soldata igo du, orain 66.467 euro, baina, hori gutxi izango balitz bezala, zinegotzi liberatuen ordainsaria %20 igotzea erabaki dute, KPI igo dena ironia da. Gogoratu behar dugu etxez etxeko langileak 4 hilabete luze greban egon zirela lan baldintzak hobetzeko. Gogoratu behar dugu ate horren giltza Udalak eduki zuela eta ez zuela erabili.
Alde batetik, politikara sartzen garenok herriaren alde lan egiteko izan behar du, eta ez aberasteko; aldi berean, onartezina da izugarrizko soldata edukitzea eta bitartean herriko biztanle askok jateko ez edukitzea, herritar askok energia krisia jasaten dutela, ahazten duzue? Arrasateko langabeziaren tasa %11koa dela? Eta badakigu herritar asko Lanbidean ez daudela apuntatuta konfiantza galdu dutelako; zenbat herritar daude ezkutuko ekonomian lan egiten?
Beste aldetik, herritar askok erabaki horiek ikusi eta gero esaten dute politikariok kasta bihurtzen garela; normala. Arrasateko hormetan PNV-PSOE diruzaleak ikusteak harritu egiten zaituzte? Harritzen gaitu entzuteak "politikara sartu dira hobeto bizitzeko" eta entzuterakoan arrazoia eman behar diegu?
Hori gutxi izango balitz bezala, politikari batzuek haien soldata, pribilegioak, lan-baldintzak, eta abar gauza guztien gainetik defendatzen dituzte, eta, dirudienez, ahaztu egiten zaie lantegietako langileek haien ordutegia eta egutegia bete beharko dituztela, kontrolpean daudela, eta batzuok badakigu udaletxean inork ez dituela kontrolatzen politikariak, badakigu politikari batzuk egon direla hilabete batzuk batzorderik egin gabe, eta, era berean, hauteskundeetarako kanpaina egiten; beraz, helburua zein da? Politikari esker ondo bizitzea edo politikan bizitzea?
Erosahalmena:
Ondo ikusten dut pertsona batek 4.000 euroko –adibide bat da– soldata badauka, eta politikara sartzen bada, bere erosahalmena galdu nahi ez izatea, baina badago irtenbide bat: zergatik ez du kobratzen, adibidez, langile baten soldata, 1.500 euro edo 2.000 euro, eta falta dena bere alderdi politikoak jarri? Zergatik irten behar da herriaren dirutik ?
Espainian badago lege bat: Ley de Racionalización y Sostenibilidad de la Administración Local (Toki-administrazioaren arrazionalizazio eta iraunkortasun legea): soldatari topeak ipintzen dizkio, baina ez du behartzen.
Bestalde, hemen Euskadin badago erakunde bat, Eudel, Euskadiko Udalen Elkartea, eta honek bere arauak eta soldataren topeak jartzen ditu, baina, nire iritziz, hori tranpa hutsa da: hori da futbol partida bat jokatzea, baina epaileak etxekoak izanda.
Erakunde honen organigrama hauxe da: presidente bat, bi presidenteorde eta hamabi bokal; azkenean, nola dago banatuta? EAJkoak 8, Bildukoak 5 eta PSOEkoak 2; egin itzazue kontuak eta ikusi emaitzak. Hau guztia ikusi eta gero esan dezakegu legala dela, baina etika aldetik?
Bukatzeko, estatu osoan gehien kobratzen duten alkateekin badago zerrenda bat, eta sorpresa! Lehenengo seien artean Euskadikoak daude, 3. postuan Juan Mari Aburto (Bilbo), 5. postuan Eneko Goia Laso (Donostia) eta 6. postuan Gorka Urtaran Agirre (Gasteiz); jakina, zerrenda horrek ez du zerikusirik hiriko biztanleen kopuruarekin, Bilbo 10. postuan dagoelako, Gasteiz 17.an eta Donostia 34.an; beraz, berriro galdetzen dut: non dago etika?
P.D.: EH Bilduko liberazioari buruz, legeak esaten du: Boto gehien lortzen duen oposizioko alderdi politikoak liberatu bat edukitzeko eskubidea dauka. Beste kontu bat da soldata zenbatekoa izan beharko litzatekeen, eta horretarako alkateak ahalmen osoa dauka erabakitzeko.
----------
Piter Encinas
Arrasate